Estitxu Zabala: 'Kontxako Banderaren olatuan'
Estitxu Zabala, Kazetaria
“Kriston lana egin dezu, gehiago nahi???”, zioen Aritzen mezuak. Bai, boluntarioa izan naiz iritzi zutabe hau idazteko, agian arraun munduan guztiz murgilduta daramatzadan bi aste hauen lehen ondorioa izango da. Arraunlariek, asko kexatu arren, arrauna utzi ezin duten moduan, nik ere, asko kexatu arren, ezin diot arraunaz idazteari utzi.
Xabier Zabalari elkarrizketa (abizenarena ez da kasualitatea, anaia dut), osteguneko sailkatze estropada, Arraun Lagunaken Lugañene baserrira bisita, igandeko lehen jardunaldia, Elizasu anaiekin hitzordua kaian, Maialen Arrazolari telefonoz deitu… ai ama! Kontxako Banderaren olatuak harrapatu nau! Eta bigarren ondorioa atera dut, tostartean baino hobeto moldatzen naiz hitz artean.
Lan egun bakoitza desberdina izaten da gurean, beraz, monotonian erortzeko arrisku gutxi izaten dugu kazetariok. Sailkatze estropadak eta lehen igandea kubritzeak badu berea. Kaiko arranpan kamerarekin eta eskuko telefonoarekin jarri, eta aurrera eta atzera ibili nintzen; batzuk uretaratzen, besteak ateratzen, arraunzaleak batera eta bestera… Traineru bakoitzeko arraunlari donostiarrak harrapatzea nuen buruan: «San Juangoekin Maialen Arrazola daukat, Hibaikakoekin Amaiur Esnaola, Hondarribikoekin Xabier Etxebeste…». Adi, tentsioan, eta aldi berean gozatzen.
Igandean, Donostiarrakoak arranpara zein aurpegirekin iritsi ziren ikustean ez nuen gozatu, orduan ez. Xabi ikusi nuen lehenengo, ontzian iritsi eta sotora joaten. Segituan iritsi zen trainerua, leher egindako eta aldi berean amorratutako aurpegiz beteta. Ez ziren gustura geratu, hori argi zegoen, eta arranpan ez zituzten gainontzeko taldeek adina zale zain. Ander Iriarte, patroia, ikusi nuen baikorren, eta beregana jo nuen galdera pare bat egitera. Orduan jakin nuen irratitik esan ez zutena, olatuak, estropadaz kanpoko ontziek sortutako olatuek garraztu zien barrurako luzea.
Aizu Sardon! Entzun, datorren igandean ere arranpa inguruan egoteko asmoa daukat. Kamiseta zuri berria erosi nuen joan den asteburuan (zuk oparitutakoa zahartzen hasia zegoen…), eta etzi estreinatuko dut, harro asko, egiten duzuena egiten duzuela. Lanera ez, jaiaz gozatzera joango naiz, eta zor didazun kaña hori gustura edango dut! Animo mutilak! Zertarako gai zareten ikusteko gogoz nago!