Etxebizitza larrialdia Donostian
Donostiako etxebizitzaren arazoa ez da berria. Aspaldidanik datorkigu, baina batzuek halako baieztapenekin iradoki nahi dutenaren kontra, horrek ez du konponezina bihurtzen. Gauzak ez direlako gertatu, besterik gabe. Arazoa ez zen halabeharrez sortu, fenomeno atmosferiko batek eraginda bezala. Aitzitik, interes eta erabaki politiko zehatzak daude gaur arte luzatu den arazoaren jatorrian.
1864an harresiak eraitsi ondoren, batez ere turismoa eta zerbitzuen sektorea hartu ziren kontuan hiria zabaltzeko eta handitzeko proiektuetan, eta erabaki horrek eragin zuzena izan zuen etxebizitzaren aferan. Turistifikazioaren eskutik gentrifikazioa agertu baitzen. Hiri-antolamendu berriak hiri-lurzoruaren erabilera espekulatiboa faboratu zuen, eta donostiarrek berehala nozitu zituzten ondorioak: desjabetzeak, behartutako lekualdaketak, abusuzko alokairu-igoerak, etxegabetzeak… 1920an, esaterako, Donostiako Liga de Inquilinos edo maizterren elkarteak ekitaldi bat egin zuen Arte Ederrak antzokian, eta erakundeei luzatutako eskaeren artean, udalari zuzendutakoa zinez da adierazgarria. Izan ere, eskura zituen bitarteko guztiak erabiliz, urtean zehar Donostian bizi zirenek behar bezalako bizitokirik ez zuten bitartean, etxebizitzen espekulazioa eta akaparamentua ekiditea eskatzen baitzioten.
Donostiako etxebizitzaren arazoa, beraz, ez da berria, baina azken urteotan izugarri areagotu da, benetako larrialdi bihurtu arte. Duela ehun urte alokairuko etxebizitza bat aurkitzea buruhaustea bazen donostiar askorentzat, gaur egun ia ezinezkoa da; ez alferrik, Gipuzkoako hiriburua Espainiako Estatuko hiririk garestiena da alokairuari dagokionean. Alokairuzko metro karratuak 16,33 euroko prezioa du Donostian, Madrilen eta Bartzelonaren gainetik, eta igotzen jarraitzen du. Baina, ikusi berri dugun bezala, prezioen gorakada hori ez da ausazkoa, ezta halabeharrezkoa ere. Gero eta ikerketa gehiagok azpimarratzen dute etxebizitza edo ostatu turistikoen fenomenoak zerikusi zuzena duela alokairuaren merkatuaren garestitzearekin. 2016tik 2021era alokairuko metro koadroaren prezioa 3,1 euro igo zen batez beste, PNV-PSOE gobernuak ostatu horiei buruzko araudia malgutu zuenean, hain zuzen ere. Eta aipatu berri dugun Arte Ederrak eraikina gaur Hilton hotela bilakatzear dela ikusteak, udal agintariek egoera bere horretan mantendu beste asmorik ez dutela adierazten du.
Hala ere, turismoari lotutako jarduera ekonomikoak ez du zertan lurzoruaren prezioaren igoera edo bizilagunak auzo jakin batzuetatik kanporatuak izatea, hots, gentrifikazioa eragin behar. Baina horretarako, lehenik eta behin, etxebizitza eskuragarria eta soziala behar bezala babestu eta sustatu behar da. Aldi berean, urgentziazkoa da alokairuaren prezioari muga jartzea. Besteak beste, alokairuko metro koadroaren prezio altua eta prezioen gaineko kontrol falta baitira Blackstone, Azora edo Testa Socimi bezalako inbertsio funtsak Donostian lur hartu izanaren arrazoi nagusia. Neurririk hartu ezean, Donostiak etengabe proiektatuko du kanpora etxebizitzarekin espekulatzea aparteko aberasbide bat den hiri baten irudia. Eta gaur egun 800dik gora etxebizitzetako biztanleak dira funts putre hauen esku-hartzearen ondorioz etxegabetuak izateko arriskuan daudenak, baina bihar askoz ere gehiago izan gaitezke.
Arazoa ez da halabeharrezkoa, baina ezta konponbide errazekoa ere. Ez gara inozoak. Begi-bistakoa da sistema kapitalista errotik aldatu ezean ez dela behin betiko soluzio posiblerik egongo. Baina hain da larria egoera, hainbesterainokoa eragiten duen etsipen eta frustrazioa, premiazkoa dela eskura ditugun bitarteko eta aukera guztiak baliatzea erakusteko aldaketa posible dela. Helburu horrekin aurkeztu ditugu etxebizitza larrialdiari erantzuteko bost urgentziak, gaur, orain, egingarriak direnak. Eta helburu horrekin bilduko gara datorren igandean, hilak 29, Garibai kalean.