Etxegabetasunaren inguruko gogoeta
Pobrezia gure lurraldeko errealitatea da. Izen eta abizenak dituen norbaitek bizi duen egoera, izen-abizenak dituen beste norbaiten seme-alaba edo anai-arreba dena.
Caritas Gipuzkoak kaleratutako azken datuen arabera, urteko lehen bederatzi hilabeteetan iaz baino %73 etxerik gabeko pertsona gehiago artatu ditugu, 1.313 guztira. 10etatik 9, gizonezkoak, atzerrikoak eta 44 urte baino gazteagoak. Gizarte bazterketa larriko egoera hauek hainbat faktorek eragiten dituzte; tartean, Atzerritarren Legeak ezarritako oztopoek edo errolda, etxebizitza eta enplegua lortzeko zailtasunek.
Datu hauei erreparatuz, Gipuzkoan pobrezia eragiten duten zenbait arrazoi identifikatu ditzakegu. Horietako bat erroldatzeko zailtasuna da. Kezka larriz ikusten dugu artatutako pertsonen %60k ez duela erroldarik. Zer esan nahi du honek? Pertsona hauek ezin dutela inklusio soziala ahalbidetuko dien gizarte babesa lortu: larrialdietarako laguntzak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, osasun arreta edo prestakuntza, besteak beste.
Eta, zer egin dezakegu etxegabetasunari aurre egiteko? Erantzukizuna erakunde publikoei eta gizarteari dagokigu, erdibana.
«Zer egin dezakegu etxegabetasunari aurre egiteko? Erantzukizuna erakunde publikoei eta gizarteari dagokigu, erdibana»
Etxerik Gabeko Pertsonen II. Euskal Estrategiak argi uzten du administrazioen papera, «bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonentzako bizitegi alternatiba egokiak eskaini» beharra azpimarratzerakoan. Are gehiago, «gizarte babes eta etxebizitza arloko eskumena duen sailak ekimen honen lidergoa hartu behar duela» zehazten du. Erroldatzearen inguruan, ordea, «bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonen erroldatze prozesuak sinplifikatu eta arindu» behar direla nabarmentzen du, «erroldatze soziala barne hartuz». Hortaz, argi dago administrazioen ardura dela etxegabetasunari aurre egingo dioten politika publiko eraginkorrak bultzatzea.
Gizarteak, aldiz, politika horien alde egitearen erantzukizuna du; pobrezian, kale gorrian edo bazterkerian bizi diren pertsonei hobekuntza aukerak emango dizkien ekimen publikoak eskatuz. Eta bere egunerokoan, noski, elkartasun kultura bultzatuz.
Kalean afaltzen, lo egiten duten edo bizi diren pertsonen inguruan zalaparta handia egon daiteke, baina ezin dugu ahaztu administrazio publikoek bultzatutako justiziak eta herritarrek sustatutako elkartasunak soilik mantenduko dutela dugun, edo desiratzen dugun, bake soziala.