Euren berrarmatze belikoaren aurrean, gure berrarmatze politikoa
Langileon Nazioarteko Eguna izan genuen atzo, Maiatzaren Lehena. Egutegian gorriz markatutako egun honen biharamunean ere, egungo gizartea goitik behera baldintzatuko duen testuinguruaz hitz egin behar dugu: gerra inperialistaz.
Langileon bizkarretara, Europako herrialde guztietan estatuen gaitasun militarrak areagotzeko planak bultzatzen ari dira jo eta su, Europaren defentsa eta honen «autonomia estrategikoa» defendatzeko argudioak erabiliz. Jakin badakigu, ordea, Europa, historia garaikide osoan zehar bezala, Estatu Batuen eta NATOren gidaritzaren erabat mendeko superestatua baino ez dela.
Ederki ikusten ari gara ere nola Trumpen berragerpenak aldaketa nabarmenak eragin dituen mundu mailako puzzle geopolitikoan, Ukraina eta Errusiaren aferan emandako aldaketak piezak aise mugiarazi baititu. Europa ez dago testuinguru honetatik kanpo, eta murgilduta gauden krisi ekonomiko eta politikoaren aurrean estatu guztiek hartuko duten erabakia gastu militarraren igoera bultzatzea eta gastu soziala are gehiago murriztea izango dela dirudi, hala igoaldi militarrean are gehiago sakonduz.
«Egoerak argi erakusten digu kapitalismo baketsu baten ideiaren zentzu eza, industria militarraren garapena bultzatu den momentu historiko guztiek gerra eta txikizioa izan baitute emaitzatzat»
Urrutira joan gabe, Pedro Sanchezek «defentsan eta segurtasunean» gastatzeko 10.471 milioi euroko inbertsio gehigarri bat baieztatu zuen duela egun batzuk, hala NATOk gastu militarra BPGaren %2raino heldu dadin exijitu duen konpromisoa betearaziz. Arku parlamentario osoa ari da berrarmatze hau babesten: batzuk hasieratik agertu dira Espainiaren militarizazioaren alde (PSOE, EAJ edo VOX, adibidez) eta alderdi sozialdemokraten kasuan, Podemosi, Sumarri edota EH Bilduri militarizazioaren aurkako azaleko diskurtso batek ez die beharrezkoa den momentuan PSOEren gobernua mantendu eta erabaki militarren aldeko bozka ematea ekidin.
Beste behin, egoerak argi erakusten digu kapitalismo baketsu baten ideiaren zentzu eza, industria militarraren garapena bultzatu den momentu historiko guztiek, gerra eta txikizioa izan baitute emaitzatzat. Gerrarako prestatzen ari zaigu Europa, eta Frantzia bezalako herrialdeek jada gazteen eginbeharren artean lubakietara joateko prest egoteko diskurtsoak azaleratu dituzte, «aberriaren defentsan».
Langileon Nazioarteko Egunak, 2025ean, gerra inperialistaren inguruan hitz egitea exijitzen du, ezinbestean. Langile kolektibo eta elkarte guztien arteko batasuna ezinbesteko premisa izango da gerrari eta berrarmatzeari aurre egiteko. Iruzur instituzionaletik eta bere alderdietatik kanpo, kaleak hartzen jarraitzea ezinbestekoa izango da. Euren berrarmatze belikoaren aurrean, gure berrarmatze politikoa. Euren gerraren aurrean, denon proiektu sozialista. Euskal Herrian, Guadalajaran, Bartzelonan, Marseillan, Palermon, Frankfurten edota Addis Abeban.