Euskahalduntze tailerrak Usandizaga BHIn
Donostiako institutu handienean, txikienean bezalaxe, DBH eta Batxilergoko ikasleen artean ez da ia hitzik euskaraz egiten. Horra, gure egunerokoan, euskaltzaleok kezkaz bizi dugun egoera. Ikasketak D ereduan egiten dituzten gure gazteek ez dute euren artean euskaraz egiten eta irakasle euskaltzaleok ezin dugu eta ez dugu beste aldera begiratu nahi.
Egoera hau iraultzeko ez dugu aldaketa azkarrik topatuko, baina ekinaren ekinez, ereiten jarraitu nahi dugu, jakina. Hezkuntzaren esparruak «bakarrik» ezin duela garbi dago eta ikastetxeetan euskararen erabilera normalizatzeko ardura dugun irakasleok eskaintza berri guztiei adi erreparatzen saiatzen gara. Aurreko ikasturte amaieran, Bagera Elkarteak 2021-2022 ikasturtean egingo zuen eskaintzaren berri eman zigun, eta ikasturtea hasi bezain laster, eskaintza aztertzea, eta, besteak beste, Euskahalduntze tailerrak izeneko jarduerari heltzea erabaki genuen. Usandizaga BHIn, Batxilergo 1eko D ereduko 12 geletan eraman dugu aurrera.
Ez da erronka makala izan hamabi taldetan banatutako 17 urteko 200 neraberekin hiru orduko motibazio saioak egitea, euskaraz egin dezaten edota bide hori jorratzen has daitezen. Bagera Elkarteak aise gainditu du proba, eta gure ikasle gazteek oso balorazio positiboa egin dute. Irakasleok ere pozik gaude, ongi inbertitutako orduak eta ahalegina izan dira.
Bagera Elkarteak euskararen erabilera sustatzeko saio hauetan hausnarketa bultzatu du, eta jolasak, bideoak eta glosarioak landu ditu era ludikoan. Besteak beste, feminismoaren eta euskararen aldeko jarreraren artean zer nolako zubiak dauden eta eraiki daitezkeen jarri du mahai gainean, eta biak nola uztartzen diren eztabaidatzera eraman ditu gure ikasleak. Ez da gutxi!
Funtsean, gazteentzako saio interesgarriak eta baliagarriak, gaurkotasun handiko gaiak jorratzeko eta ikuspegi kritikoa lantzeko aukera ematen dutenak, euskaratik eta euskaraz!
Hurrengo ikasturtean errepikatzeko asmoa dugu, zalantzarik gabe.