Euskal herritar xumeen duintasuna jokoan dago: '1.080 Ponentzia'
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak txosten ederra aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Gizarte eta Gazteria Politikako Batzordean, 2023rako gutxieneko pentsioa 1.080 euroan berehala ezartzea eskatzen duena. Eskari hori estatuko gobernuari zein EAEko eta Nafarroako gobernuei zuzentzen diegu; azken horiei eskatzen diegu, gainera, estatuak kopuru hori finkatzen ez duen bitartean, gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osa dezatela hamalau ordainsaritan, ezkontidea ardurapean ez duen pentsioduna erreferentziatzat hartuta.
Txosten honen bidez, urrats bat gehiago emango dugu gure eskaeraren azalpenean, eta gutxieneko pentsio hori osatzeko EAEn eta Nafarroan beharrezkoa den aurrekontuaren zenbatespen ekonomikoa kalkulatuko dugu, hamalau ordainsaritan 1.080 eurora iritsi arte.
Bost urtean zehar Pentsioen Sistema Publikoaren etsaien argudioak errefusatu ditugu; gezurrak eta erdi egiak ere bai. Toledoko Itunak hamabi jakituneko talde bat sortu zuen sistemaren bideragarritasuna ikertzeko. Eta egin zuten txostena. Nolakoa? Ez zuten ezer asmatu. Jose Luis Tortuero eta Santos M. Ruesga kenduta, beste hamarrek finantzarien bozeramailearena egin zuten. Baina pentsiodunen mugimenduak zakarrontzira bota ditu «jakintsu-lapiko» hauek idatzitakoa, %0,25a barne.
2018an, Eusko Alderdi Jeltzalea ziztu bizian joan zen Rajoyrengana, pentsiodunen aldarrikapenari irteera bat bilatzeko. Harro azaldu zen EAJ bere ekimenarekin, baina azpitik beste jarrerak ezkutatzen ziren. Ez da momentua jarrera horiez hitz egiteko.
Orain, 2023an, gauzak ondo egiteko aukera ederra dauka EAJk. Argibideak sobran ditu aurkeztu dugun ponentzia horretan, baita agerraldian esandakoetan ere. Irten zaitezte leihora eta begira plazara. Irtenbidea eman herritarren beharrei. Euskaldun jende xumeenen duintasuna jokoan dago, batez ere emakumeek jasan duten diskriminazioa eta injustizia konpontzeko. Argi azaldu dugu egoera soziala larria dela; Pentsio Sistemaren defizita emakumeek jasaten duten arrakalaren ondorioa dela. Soldatetan dagoen arrakala konponduz gero, kotizazioetan izango zukeen igoerarekin pentsio guztiak 1.080 eurora igotzeko lain emango luke.
Pentsiodunok ez dugu amore emango. Azaroan ekimen ugari ditugu. Aitzakiaren garaia bukatu da, orain herritarrek soluzioak behar ditugu.