Euskara erdigunean
Izenburu hau kopiatu egin dut eta jarraian idatziko dudana ere, seguru asko, hedabide batean ez bada, bestean irakurri eta jasotakoa da. Jakina, neu izan naiz leku batetik eta bestetik informazioa jaso duena ere, beraz, berri-berria den ezer gutxi irakurriko duzue ondorengo lerroetan.
Uste dut, bizi dugun une hau interesgarria dela euskararen etorkizunerako, izan ere, gauza askoren inguruan ari gara erabakiak hartzen eta horrela segituko dugu ondorengo egunetan eta asteetan.
Zehazten joateko, esango dugu zein diren erabakitzeko ditugun sektore edo arloak: administrazioa, hezkuntza eta horren baitan helduen euskalduntze alfabetatzeko sektorea, aisialdia eta horren inguruan dauden arloak, esate baterako, pantailak.
Hasiko gara administrazioan gertatzen ari denarekin, esanez hor daukagun euskalduntze prozesuaren arazoaren aurrean ikuspuntu desberdinak daudela aurrera begira, euskalduntzeari begira.
Batzuek orain arte bezala segitu nahi dute, hau da, udalen batek euskararen inguruko aurrerapausoren bat ematen badu, epaitegira jo, eta epaileak erabaki dezala auzia. Erabakia beti gazteleraren aldekoa izaten da, legeak eurek egindakoak baitira. Gainera, ezer aldatu gabe estatusaren defentsa eginez, poliki-poliki euskara desagertu arte segitu nahiko lukete. Jokabide honen defendatzaileak alderdi eta sindikatu espainiarrak lirateke.
Bigarren taldean orain EAEn agintea daukatenak egongo lirateke. Hauek, ikusten dute gaur indarrean dagoen legedia aldatu behar dugula aurrera egin dezagun, eta enplegu publikorako legearen erreforma planteatzen dute. Horretarako, derrigortasun geroratuaren figura orokortzea planteatzen dute. Hizkuntz eskakizuna egiaztatu gabe eta epe baten ondoren izango lukete hizkuntz eskakizun hori lortzeko aukera, horretarako administrazioak berak beharrezko prestakuntzarako aukera emango luke.
«Ez dakit zer gertatuko den, baina aukera izan beharko genuke herritarrok geure iritzia emateko. Bitartean, segi dezagun mugitzen»
Hirugarren taldea, berriz, EH Bilduk proposatzen duena litzateke. Hauek esaten dute Katalunian, Valentzian, Balear Uharteetan eta Galizian bezala, hemen ere Euskal Herrian, bertako hizkuntzak ofiziala izan beharko lukeela, hau da, administrazioan lan egin nahi duenak euskara jakin beharko lukeela.
Ez dakit zer gertatuko den, baina aukera izan beharko genuke herritarrok geure iritzia emateko.
Bitartean, segi dezagun mugitzen. Oraingoz, Euskalgintzaren Kontseiluak deitu duen manifestazioa hor dugu, Iruñean, ekainaren 13an.
Administrazioan lan egiteko baldintza hauez gain, baditugu beste puntu batzuk ere argitzea komeniko litzaizkigukeenak. Hauek ere administrazioarekin lotuta daude. Helduen euskalduntzea da aipatu nahi nukeen puntu horietako bat. Aldaketa txiki bat egon da diru laguntzetan, izan ere, euskara ikasten ari den bakoitzari 120 euroko diru laguntza emango diote eta helduen euskalduntzeko arduradunak pozik azaldu dira. Ez da ezer askorik behar beti prekarioan izan den sektore bat pozik uzteko! Baina, konformatzeko hain gutxi behar duen sektore horrek, oraindik, baditu bete gabeko eginkizunak. Ea behingoz doakotasuna erreal bihurtzen den!
Beste puntu bat ere aipatu nahi nuke, aurrekoekin lotuta doalako. Etorkinen euskalduntzeaz esan nahi nuke azkar-azkar bete beharreko eginkizuna duela administrazioak eta guk ere indar egin behar dugula bere eginkizuna bete dezan, alegia, hezkuntzan baliabide gehiago jarri behar dituela horien artean euskalduntze prozesu bat abiatzeko, espresuki beraientzat.

