Euskara gara ala ez gara
Azken txanpari ekin dio 24.ak. Atharratzetik Bilbora, aurten ere, edizio bakoitzean gerta bezala, geografia ikasgai berritua dakarkigu Korrikak, bere erritu eta egutegi propioarekin. Ekimen herritarra, kolektiboa, nazionala. Euskal Herriko txoko ezagun eta ez hain ezagunak ezagutzeko aitzakia ematen duena. Euskalki eta jendaki askotarikoak gurutzatzeko, zein aspaldiko adiskideak topatu eta lagun berriak egiteko parada ematen duena. Kirolzale ez garenoi korrika egiteko motibo bat ematen digu Korrikak.
«Gustuko aldapan, nekerik ez» esamoldea bi urtez behin gorpuzten da Euskal Herria zeharkatzen duen ekimen erraldoian. Aldarrikapen, oihu eta salaketa artean josten da Korrikaren ibilbidean zehar, gau eta egun. Egunerokoan elkarrengandik urrun dagoen jendea eta tokiak gertuko bihurtzen ditu Korrikak, elkarren auzo. Txikitako ipuinetan bezala, asteazkenean gaua Baionan hasi, goizabarrak Lezon harrapatu eta afaria Markinan egin zuen Korrikak. Hamaiketakoa Donostian barrena eginda, egunpasa dotorea egin zuen, Gipuzkoako kostaldea herriz herri zeharkatuz.
Buenavistatik Errekalderako tartean, kasik Donostiako auzo guztiak zeharkatu ditu Korrikak. Bost ordutan 136 kilometro –edo lekuko hartze- izan dira hirian. Asko izanagatik ere, badira Donostiako eragile eta herritarrak beste nonbaiten lekukoa hartzen dutenak. Bidebietan sartu-irten azkarra eginda, Buenavistatik Parte Zaharrerako tartean Intxaurrondotik Egiara goitibeheran, Martuteneko zelaia pasa eta Grosetik barrena, Kontxa igarota Antiguara buru joan da ziztu bizian, Amaran sigi-saga ibili ondoren. Hurrengo baterako, akaso, utzi ditu Igara, Igeldo edo Zubieta.
«Bizipoza eta bizi nahia, euskaratik eta euskaraz. Oztopo guztien gainetik, bagarenaren seinale. Korrika amaitu osteko biharamunean ere»
Uzkur jende gisara irudikatu gaituzte urteetan, umore gutxiko eta adierazpide urriko jende moduan. Aro modernoan euskaldunok herri dantzari eta kantari izan ondotik, hurbilagoko garaietako irudia ez da hain jostaria izan. Langile, serio, zurrun. Emozioak apenas azaleratzen dituen jende gisa. Sufritzen duen eta sufriarazi duen herri. Are, basa ere. Dantzari emanik bizi izandako herri izatetik, dantzan apenas egiteko gai den herri gisa aurkeztu gintuzten kanpokoek lehenik, eta bertakoek ondotik, Vaya Semanita-ren modukoen eskutik, estereotipo sorta egonkortuz. Beti penetan moduko kantutegia ere, omen, triste eta ilun.
Harik eta Korrika gure artetik igarotzen den arte. Bi urtez behin sagar urtea izan ohi den moduan, eta beronen alternantzian, egutegia antolatzen digu Korrikak ere. Gogoangarria eta zirraragarria da, kutsakorra. Euforia kolektiboa hamaika egunez, tai gabe, urratsez urrats. Irribarrea, algara eta ororen buru, poza nagusi adin guztietako parte hartzaileen aurpegietan. Bizipoza eta bizi nahia, euskaratik eta euskaraz. Oztopo guztien gainetik, bagarenaren seinale. Korrika amaitu osteko biharamunean ere.
