Euskara, jalgi hadi plazara!
43 urte dira EAEn Euskararen Legea onartu zenetik, eta askotan esan eta entzun dugu aldaketa sakonak behar dituela, ez baitio egungo errealitateari behar bezala erantzuten. Hara non, euskararen unibertsaltasunaren aldeko pausoak eman baino, badela norabide kurioso/susmagarri batean ari denik.
Bai, ETB3-ri buruz ari naiz. ETB3 itxiko dutela jakin dugun honetan, ezinbestean etortzen zait gogora belaunaldi oso baten haurtzaroa eta euskararekin izan duen harremana. Gure belaunaldia, eta ingurukoak. 2000ko hamarkadan hazi ginenok gogoan dugu arratsaldean telebista piztu eta ETB1en euskarazko marrazki bizidunak ikusten genituela. Orduko eskaintza ez zen perfektua izango, baina bazuen funtsezko zerbait: euskaraz zen, naturala, egunerokoa. Dragon Ball, Doraemon, Berebiziko Espioiak, Autobus Magikoa, Doremiren magia, Unibertsolariak… gisako saioak gure hizkuntzan bizitzeko aukera izan genuen, eta horrek eragin zuzena izan zuen gure hizkuntza ohituretan. Gure hizkuntza ikusteko moduetan.
«ETB3ren moduko kate baten existentzia ez da anekdotikoa: estrategikoa da. Euskara aisialdian erabiltzeko aukera ematen du, eta hizkuntza eskolatik kanpo ere bizirik mantentzen laguntzen du»
Telebista, askotan gutxietsia izan arren, sozializazio tresna indartsua da, batez ere, haurtzaroan. Ikusten dugunak, entzuten dugunak eta barneratzen dugunak eragina du gure hizkuntza hautuetan, imajinarioan eta identitatean. Horregatik, ETB3ren moduko kate baten existentzia ez da anekdotikoa: estrategikoa da. Euskara aisialdian erabiltzeko aukera ematen du, eta hizkuntza eskolatik kanpo ere bizirik mantentzen laguntzen du.
ETB3ren itxieraren aurrean, gainera, berehala piztu da erreakzio soziala. Hezkuntza komunitateko eragileek, guraso elkarteek eta euskalgintzako hainbat taldek kezka agertu dute, azpimarratuz euskarazko edukien eskaintza ez dela murriztu behar, indartu baizik. Aisialdia da gaur egun euskararen erronka handienetako bat. Eskolan presentzia bermatua izan arren, kalean eta pantailen aurrean gaztelaniak edo bestelako hizkuntzek nagusitasun handia dute. Horren aurrean, ETB3ren gisako tresnak ezinbestekoak dira, haurrek euskararekin lotura afektiboa eta naturala garatzeko.
ETB3ren itxierak, beraz, hutsune bat sortuko du. Ez da soilik kate bat desagertzea; espazio bat galtzea da, haurrek euskararekin modu naturalean konektatzeko duten leihoa ixtea. Euskarak etxean, kalean eta pantailan ere presente egon behar du. ETB3ren itxiera, horren aurkako urratsa da.


