Euskarak duen garrantzia gugan eta guk euskararengan
Lehenik eta behin nire burua aurkeztuko dut. Kelly naiz, New Yorkekoa naiz, eta Donostian bi urte daramatzat bizitzen.
Donostiara musika klasikoari buruzko ikerketa bat egitera iritsi nintzenean, ez nuen euskara ezagutzen, eta lehen aldiz entzun nuenean oso berezia eta interesgarria iruditu zitzaidan.
Nire pisukidea donostiarra da, eta berak irakatsi zidan euskaraz ikasi nuen lehen hitza: «Agur». Hortik aurrera, Euskal Herriko historiarekin eta bertako kulturarekin harreman handiagoa izan nuen. Behin eta berriz ideia bera etortzen zitzaidan gogora: «harrigarria da euskaldunek munduko kulturarik zaharrena iraunarazteko indarra eduki izana eta egun, bertatik sortu den aberastasun horri eusten jarraitzea».
Nahiz eta, zoritxarrez, Donostian lasai asko bizi daitekeen gaztelania soilez, euskara ikasteko hautua egin nuen, euskaldunek pairatzen zuten egoeraren konplize ez bilakatzeko helburuarekin. Euskara hizkuntza gutxitua da, eta Euskal Herrian ere euskaldunek zailtasunak dituzte euskaraz bizi ahal izateko. Beraz, euskal hizkuntzara zein kulturara hurbiltzea erabaki nuen, euskaldunekin berdintasunezko harremanak sustatzeko eta kulturarekiko zein hain harrera ona egin didan jendearekiko errespetuagatik.
Lagun batzuei galdetu ondoren, Auzoko programa aurkitzeko zortea izan nuen. Etorkin talde bat ginen, eta, irakaslearen laguntzarekin, lehen aldiz euskarara hurbiltzeko aukera izan genuen. Elkarrekin lehen urratsak egin eta esaldi baliagarriak ikasi genituen euskaraz bizitzen hasteko. Auzokon, ikaskuntzaren esperientzia gainerakoekin partekatzeko eta prozesuan zehar elkarri laguntzeko gunea izan zen. Gainera, euskara ikasteaz gain, datu historiko eta kulturalak ere ikasi genituen; hala nola, euskara nondik datorren eta baita euskal kirolek eta bertsolariek zein garrantzi handia duten.
Talde gisa, Euskararen eguna, Korrika eta Auzoko egunaren moduko ekitaldietan parte hartzen dugu. Azken ekitaldi hori ikasturtearen amaieran egiten da, eta, bertan, Auzoko programan parte hartzen dugun nazionalitate desberdinetako guztiok elkartu eta izan ditugun esperientziak partekatzen ditugu. Auzoko taldeak baliabide asko eman zizkigun egokitzeko prozesu horretan laguntzeko eta babestuak sentiarazi gintuen. Euskarara hurbiltzeko ez ezik, kulturara ere gehiago hurbiltzeko eta loturak sortzeko programa izan zen eta, hau, oso lagungarria izan zaigu euskararen aurkikuntzan eta Euskal Herriko bizitzan jarraitzeko.
Oraindik euskaraz hitz egiteko jariotasunik ez dudan arren, zorionekoa naiz Auzoko programan esperientzia hau izan dudalako. Izan ere, euskarara hurbildu nau, eta lehen urratsak egiten lagundu dit. Orain, konfiantza gehiagorekin ikasten jarraitzen dut, eta badakit Bagera elkartea eta Auzoko programa ikaskuntza-prozesuan behar dudan edozein baliabide edo laguntza eskaintzeko prest egongo direla. Laburbilduz, hemen eman ditudan bi urteetako esperientziarik onenetakoa izan da. Mila esker euskal komunitatean hain goxo hartzeagatik!