Euskarak gu edota guk euskara?
Adur Berasategi eta Iker Maiztegi, Mintzakuadrillak egitasmoko kideak
Donostiako gazteon artean joera orokortua dago euskarari erabilera murritza emateko, eta honakoa argi uzten du Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako kale erabileraren ikerketak: Donostiako 15 eta 24 urte bitarteko gazteen euskara erabilera % 13koa da.
Datu hauekin pentsa daiteke Donostian euskaraz badakien gazteen ehunekoa ez dela guk uste dugun bezain handia, baina, Euskal Estatistika Erakundeak 2016an argitaratutako datuei erreparatuz, ohartzen gara nola Donostian 15 eta 19 urte bitarteko gazteen %86k euskararen ezagutza duten, eta 20 eta 24 bitartekoek, berriz, %72k. Beraz, zergatik ez dugu gazteok euskaraz hitz egiten?
Egun, eta azken urteetako sare sozialen azkartze eta bilakaerarekin batera, ukaezina da gazte orok jasotzen ditugun input gehienak euskara ez den beste hizkuntza batean jasotzen ditugula. Honek gazteon erreferenteengan lotura zuzena du, gazteok erreferente gisa ditugun pertsonak gutxitan baitaude euskararekin lotuak.
Hau gutxi ez eta euskara zaintzeko eta salbatzeko beharra dugula sentitzen dugu belaunaldi berriok. Etengabe entzun izan dugu euskara erabili ezean galdu egingo dela eta batzuetan lepoan dugun zama horrek irentsi egiten gaitu. Euskara gure sentitzen dugu, baina aldi berean inguruan dugun oro ez da gure hizkuntzan egiten ez pentsatzen ere. Eta gure intereseko diren hainbat gai euskarak ez ditu barnebiltzen.
Gauzak honela, euskara plazeretik eta desiotik bizi eta gozatu nahi dugu, guretik. Baldintzak sortzea dagokigu, beraz, euskaraz aritzeko eta sentitzeko erreminta kolektiboak, esaterako. Euskararen auziak badu eta kolektiboaren, antolakuntzaren eta hausnarketen beharra.
Donostian bada Mintzakuadrillak deituriko egitasmo bat gazteen hizkuntz ohituretan eragiten duena, eta aurten zazpi urte bete ditu. Egitasmoaren helburua da gazteen euskararen erabileran eragitea, eta, horretarako, kuadrilla bakoitzak egitasmoan izena eman eta astero ordubetez kontzienteki euskaraz hitz egitearen hautua egiten du. Asteroko hautuaz gain, egitasmoak Donostiako gazteak elkartzeko eta elkar ezagutzeko hainbat jarduera osagarri antolatzen ditu.
Agian euskarak gazteon artean Donostian hori behar du: konpromiso txikiak eta elkartasun handia. Elkarren arteko zaintza eta gazteon arteko aliantzak. Jarrai dezagun gazte izaten, baina baita euskaldun ere.