'Euskaraldia eta merkataritza'
Merkataritzan eta gainontzeko zerbitzuetan euskararen presentzia ez da askok nahiko genukeena. Urteak dira aldaketak ematen badira euskaldunon komunitatearen kalterako direla, eta horrek kezkatzen gaitu.
Hori horrela izanik ere, gure kasuan langile guztiak euskaldunak gara eta edozein txartel, poltsa edo publizitaterako lehenesten dugun hizkuntza euskara da.
Guk Euskaraldian parte hartuko dugu, ulertuta norbanakoengan jartzean abiapuntua, euskaraz bizitzearen hautuari garrantzirik ematen ez dioten horien kontzientzia piztea lortu daitekela, hala bedi! Horretarako, gure dendan guztiak ahobizi izango gara.
Baina bide batez, Euskaraldia bultzatzeko deialdietan ordezkari politikoak argazkietan behar baino gehiagotan ikusten ari garenez, probestu nahiko genuke adierazteko argazki horietatik at, euren zeregina dela euskaldunak babestuko gaituen hizkuntza eredu bat sustatzea legez eta abarrez babesturik. Horretarako, ordezkari politikoak eta administrazioa euskalduntzea ez litzateke gutxi!
Eta agian, Euskaraldia, gure kasuan, Parte Zaharreko argazki-termometroa izateko balia daiteke; ikus dadin nolako bidea hartzen ari den herriko komertzioa. Auzoan erosi, auzoan bizi… bai, baina horretarako ere guk merkatari gisa neurria eman beharra daukagu. Beraz, Azaroaren 23tik aurrera, 11 egun euskaraz eta gero beste 11 bider gehiago ere!
Oihane Oronoz Elzaurdi, Enbatako dendaria