Euskaraldian Osaquidecharen enegarren erasoa
Abenduak 2, Euskararen eta Nafarroaren (Euskal Herriaren) egunaren bezpera. Hitzordu telefonikoa urologiako espezialistarekin, abuztuan prostatako ebakuntza egin zidanarekin. Kirofanoan ezagutu nuen; anestesista euskaldunak, zortekoa ni oraingoan, horrelaxe aurkeztu zidan (Osakidetza ere bada): «hauxe da ebakuntza egingo dizuna, euskara ikasten ari da eta moldatzen da euskaraz; egiozu euskaraz». Kaixo eta kaixo; askoz gehiago ez, ordurako erdi lo nengoen.
Iraila hasieran izan nuen ebakuntza ondorengo lehen hitzordua berarekin Groseko anbulatorioan. Ez ginen euskaraldian, baina ahobizi ni eta belarriprest bera, euskaraz egin genuen. Ahalegin handia egin zuen berak euskaraz egiteko, eta trabatzen zenetan erizainaren edo nire laguntza bilatzen zuen euskaraz jarraitzeko. Euskaraz aritu ginen denbora guztian. Azkenean eskerrak eman zizkidan euskarari eusteagatik, eta ni ere pozik eta hari eskertuta atera nintzen kontsultatik. Hurrengo hitzordua, arazo berezirik ezean, telefonoz egingo genuela esan zidan COVID-19a dela eta.
Abenduak 2, 08:40. Telefono deiaren zain. Osasunari zegokionez, nire prozesua ondo zihoan. Euskaraldian ginen. Euskaraz egingo genuen, telefonoz izan arren moldatuko ginen, eta bere ikaste prozesuan urrats bat aurrera egingo genuen elkarrekin…
Rin-rin-rin…
–Bai, esan.
–Daniel Goñi Irazusta?
–Bai, ni naiz.
–Daniel Goñi? Mira, te llamo del ambulatorio de Gros. (Ez zen espero nuen sendagilea, ahotsak eta hizkuntzak salatzen zuten).
–Bai, bai, zuen deiaren zain nengoen, gaurko geratuta ginen. (Ahobizi paperari eutsi nahian)
–Te quiero comunicar que ya hemos recibido los resultados de la analítica y bla, bla, bla…
Akabo euskaraldia, akabo nire ahobizi rola. Bera bai bocaviva fundamentuzkoa! Handik aurrera espainolez jarraitu genuen. Telefonoa eskegitakoan, bost axola osasun kontuak. Amorrazioa, tristura, etsipena. Nire burua lasaitzen eta ez zigortzen ahalegindu nintzen, zerbaiterako naiz egina TELP ikastaroa. Berak, ordea, ez zuen TELP ikastaroen beharrik, ezta jantzi-erantzizko bocaviva txaparik. Ondo zizelkatua dauka garunean jarrera supremazista; ez ditu alferrik bere alde Espainiako konstituzioa, legeak, politikariak, poliziak, armada… eta, gainera, medikua da, eta haren eskuetan jarri du osakidetzak/osaquidechak gure osasuna.
Noiz arte jarraitu behar du horrela Osakidetzak? Zergatik deitu zidan mediku horrek? Nire fitxan agertzen da euskalduna naizela eta euskaraz jaso nahi dudala arreta. Behin eta berriz egindako eskaera da, beste hainbatetan ukatu eta urratu didalako Osakidetzak euskaraz bizitzeko eskubidea. 40 urte badituzte Osakidetzak eta Eusko (?) Jaurlaritzak. 40 urte! Noiz arte?