Euskararen bisitak
Askotan ez dugu bizi garen herri edo hiria ondo ezagutzen. Kale, eraikin, taberna, denda, elkarte, antzoki, kultur etxe eta abarrak non dauden jakin badakigu, baina atzean dagoen historia?
Edozein bisita gidatuk gure txokoak ezagutzeko aukera eman diezaguke, eta Bagera Elkarteak antolatzen dituen bisitek are gehiago eskain dezakete.
Gero eta gentrifikatu eta turistikoagoa den Donostia honetan, zenbatetan entzun edo esan dugu Donostia ez dela euskalduna edota nahi baino euskara gutxiago entzuten dela? Ikuspuntu hau erabat alda dezake, adibidez, Euskararen Donostia bisita gidatuak. Izan ere, bertan argi ikusiko dugu Donostiak lotura zuzena duela euskararen zabalkundean eta hainbat arlotan ezinbesteko garrantzia izan duela. Komunikabide asko hiri honetan bertan sortu ziren, euskal antzerkigintzak bultzada handia izan du hiriko antzoki eta zenbait erakunderi esker, kale izendegian euskara betidanik aurkitu ahal izan dugu beste hizkuntza batzuekin batera, eta testu honetan kontatuko ez ditugun hainbat sekretu, jakina!
Bisita honetan bertsolaritza ere aipatzen den arren, arlo honetan gehiago sakondu nahi izanez gero, Bertsolaritza Donostian barrena bisita egin dezakegu, eta zehaztasun gehiago jaso. Beti gertatu ohi den bezala, hirian hizkuntza asko elkarbizitzan egon dira, eta horren xehetasunak ezagutuko ditugu Donostiako hizkuntzak historian zehar bisitan. Donostiak eman dituen euskal idazleak ere asko dira, eta haien pausoak ere jarraitu ahal izango ditugu Donostiako euskal idazleen urratsen atzetik ibilbidean.
Bisita gidatu hauek atzerritar nahiz bertakoekin egin izan ditugu, azken batean guk geuk ere asko baitugu gure txoko eta kontuez ikasi eta ezagutzeko. Jende askok (harrigarria da zenbat gazte sar ditzakegun zaku honetan) ez du euskararen alde egin behar izan den lan guztia ezagutzen, eta horrelakoek euskararen alde herritar askok egindako esfortzu itzela ikusten lagun dezakete.
Horrez gain, atzerritarrek Euskal Herrian dugu altxor nagusienetako bat ezagutu dezakete, euskara. Askok ez dute bere berri izango, beste hainbatek bai, eta bisita gidatu honi esker euskararen eta Donostiaren munduan barneratzeko aukera izango dute. Oso ederra izan da hainbat lekutako jendearekin bisita hauek egitea, haiek zituzten zalantza eta galderak erantzutea, eta batez ere, euskararekiko interesa ikustea. Hainbatetan beraien herrialdeetan dagoen hizkuntza gutxituren baten berri ere eman digute, eta ez dago elkar ezagutu eta elkarren berri izatea baino gauza ederragorik!