'Euskaraz bai sano'
Aukera duzu Osakidetzari gogorarazteko osasun arreta euskaraz jaso nahi duzula. Badira jada sei bat hilabete Osasun Sailak eta Osakidetzak “Aukeratu zure hizkuntza” goiburua duen kanpaina abian jarri zutela. Izango zenuen horren berri: oihal erraldoiak osasun zentroetako eta ospitaleko eraikinetan, esku-orriak harreretako mahaigainetan, kartelak geltokietako markesinetan, iragarki laburrak irratietan…
Kanpainaren helburua zen Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren erabiltzaile zaren horri jakinaraztea osasun-arretan erabili nahi duzun lehentasunezko hizkuntza jasota uzteko aukera duzula eta, horrekin batera, azaltzea Osakidetzak aukera hori errespetatzeko duen konpromisoa.
Ez baduzu oraindik zure hautua jasoarazi, bi era daukazu lehentasunezko hizkuntza zein duzun jakinarazteko: osasun-zentrora hurbilduta eta bertako langileei adierazita, edo etxetik, Osasun Karpetan sartuta. Donostialdea ESIan euskara lehenetsi duten ia 60.000 erabiltzaileak dira, zalantzarik gabe, euskararen presentziaren eta erabileraren sustatzailerik eraginkorrenak langileontzat.
Jada jakinarazi baduzu euskaraz artatua izan nahi duzula, eskerrik asko! Kalitatezko zerbitzuak euskara behar duela pentsatzen duten administrari, mediku, gizarte langile, erizain, erizaintzako laguntzaile, zeladore, teknikari… profesional horiek guztiek eskertzen dizute Donostialdea ESIa euskaldunagoa egiten laguntzea.
Egizu aukera!
Irene Gil Legarra, Donostialdea Erakunde Sanitario Integratuko euskara teknikaria