Euskarazko ikastaroak, gazteleraz
Uda garaiarekin batera, beroa, hondartza, oporrak eta azken hauekin lotuta guraso askoren ohiko buruhaustea iristen da: oporraldian ere, kontziliazioari nola heldu. Egoera horretan aurkitzen garen guraso askoren hautua izan ohi da gure seme-alabak udako jardueraren batean izen-ematea. Horixe izan da gure kasua ere azken urteotan.
Horretarako badira udalak zenbait talderekin batera eskainitako Uda 2022 programa, baita elkarte desberdinek euren kabuz antolatutakoak ere. Gustuko data, ordutegi eta jarduerak aukeratzearekin batera, jardueran erabiliko den hizkuntza zein izango den kontuan izaten dugu guraso askok.
Aitortu beharra dago alor honetan aldaketa handia izan dela azken hamarkada luzean. Lehen, euskarazko eta gaztelerazko taldeen artean aukeratu behar zen ia beti, eta kasu askotan ez zen euskara hautatzeko aukerarik (egun helduen ikastaroetan gertatzen den moduan). Haur eta gazteen eskolaratze hizkuntzan euskara garbiki nagusitzearekin batera, erakunde publiko zein talde pribatuek, eskolaz kanpoko jardueretan hizkuntza hautaketa bigarren mailan utzi dute. Hain bigarren mailan, kasu askotan aukera desagertu egin dela. Gaur egun aukera bakarra izaten da askotan: hirueleduna (euskara, gaztelera, ingelesa), elebiduna (euskara/gaztelera) edo euskara hutsean. Azken aukera hau izaten da nagusi haur zein gazteeentzako udalak antolatutako udako jardueretan, adibidez.
Aukera bakarra izatea, eta euskara gainera, onurazkoa dela pentsa daiteke hasiera batean. Iritzi berekoa nintzen ni ere. Baina hasieratik bertatik, errealitatearekin topo egin genuen. Batetik, izen-emate prozesuan bertan, euskaraz nabigatu arren, noiz-nahi gaztelerazko orrialdeetara garamatzalako webguneak (zoritxarrez, webgune publiko eta pribatu askotan bezala). Bestetik, errealitaterik gordinena: ikastaroa hasi eta seme edo alabari ikastaroa zein hizkuntzatan izan den galdetzean, gazteleraz izan dela erantzuten dizunean. Bazela euskaraz zekien begirale bat, berari batzuetan euskaraz egiten ziona…
Hala da, bai, euskara hutsez antolatutako ikastaroan izena eman, eta ikastaroa gazteleraz. Hori da azken urteotan udalak kudeatutako ikastaro batean baino gehiagotan gertatu izan dena. Zoritxarrez, ez gara kasu isolatuez ari.
Eskolaz kanpoko eta udako jardueretan euskara bermatu beharra dugu. Haur eta gazte donostiarrek gustuko jarduerak ere euskaraz egin ahal izatea bultzatu beharra dute erakundeek, euskarari behar duen prestigioa eman eta euskaraz bizitzeko bidean lagungarri izan dadin.