Eutsi eta zabaldu ditzagun Euskaraldiaren mesedeak
Iazko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte egin da hizkuntza ohituren aldaketa eta euskararen erabilera haztea bilatzen duen Euskaraldia izeneko ariketa sozialaren bigarren edizioa. Euskaraldi honen helburu behinena izan da arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera haztea, eta horretarako, lantokietan ariguneak sortzea: euskaraz lasai aritzeko guneak.
Beraz, Euskaraldia entitateetan ere landu da: lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan… Hain zuzen ere, Donostiako Udalak bigarrenez bultzatu du ekimen hau, eta emaitza hauek izan ditu: 192 arigune sortu dira eta 810 lagunek (iaz 484) eman dute izena, Udalean eta haren erakunde autonomo eta enpresa publikoetan.
Bestalde, Bagera eta auzoetako hainbat elkarte izan dira ekimena hirian sustatu dutenak. Donostian 12.544 lagunek hartu dute parte Euskaraldian (9.729 ahobizi eta 2.812 belarriprest). Parte hartzea aurreko ediziokoa baino apalagoa izan bada ere (bistakoa da Covid-19ak ageriko zailtasunak eragin dituela), parte hartzaile horien %31,5ek lehen aldiz hartu du parte. Gainera, 2.000 arigune osatu dira hirian zehar.
Donostiako EH Bilduren ustez, Euskaraldiaren bigarren edizioak aukera nabarmenak zabaldu ditu bai udalean, eta baita hirian ere. Batetik, udalean sortu diren ariguneek ekarri behar dute erakundearen jarduera euskalduntzeko eginkizuna nabarmen indartzea eta bizkortzea. 192 arigune horiei esker, euskarazko atal gehiago sortzeko bidea leundu egin da. Agintaldi hasieratik gogorarazten ari garen bezala, euskarazko atalak dira ezagutzatik erabilerara benetako jauzia egiteko tresna.
Eta bestetik, hirian zehar antolatu diren ehunka arigune horiek berriz ere gogorarazi digute euskarak kalea behar duela, eta erraztu eta sustatu egin behar ditugula euskara erabili ahal izateko egoerak. Hain zuzen ere, Euskaraldiaren antolatzaileek herritarrak animatu dituzte Euskaraldian hartutako hizkuntza ohiturak urte osoan zehar mantentzera, hiru donostiarretik bik ulertzen baitugu euskaraz.
Horiek horrela, EH Bilduk bi proposamen egin dizkio udal gobernuari, Euskaraldiaren mesedeei eusteko eta zabaltzeko:
Batetik, Udalbatza arigune bilakatzeko berariazko plangintza osatzea udal taldeekin batera, barne hartuko dituena udal batzarra, idazkaritza orokorra, udal batzordeak eta udal taldeetako ordezkariek parte hartzen duten eta aldibereko itzulpen sistemarik baliatzen ez duten gainerako egitura guztiak. Eta bestetik, hiriko Euskara Sektore Kontseiluaren bilera deitzea, berariaz aztertzeko nola egin dezakegun hirian antolatu diren 2.000 arigune horiei eusteko, eta eragin biderkatzailea izan dezaten.
Guztion artean arituta, lehenago lortuko dugu Donostia euskalduntzea. Gu horretan gaude.