Euzkadiko borrokalari internazionalistak
Ni Euzkadiko borrokalarietako bat naiz». Abram Gostynski internazionalistak hala agurtu zuen Dolores Ibarruri Pasionaria 1939an idatzitako gutun batean. Poloniarra, judua eta komunista zen, bere kide Estera Zilberberg Estoucha emakume boluntarioa bezalaxe. Biak Euskal Herrian izan ziren borrokan: Hendaia, Irun, Donostia, Andoain, Astigarraga, Zumaia, Zumarraga, Legutio, Bilbo… Ibilbide borrokalari luzea izan zuten 1936ko gerra hasieratik.
Hala ere, orain arte ez dira ‘existitu’; ez zeuden euskal jendartearen oroimenean; ez zegoen ikerketa sakonik, kasu bakanak omen ziren; baina errealitatea bestelakoa izan zen: ehundik gora internazionalista etorri ziren borrokara 1936ko udan. Euskal Herrian genituen estatu kolpea jazo eta oso egun gutxira, demokraziaren aldekoekin borrokara batuta, faxismoaren aurka: Italia, Belgika, Polonia, Frantzia, Alemania, Austria, Suitza, Kanada… Jatorri askotakoak. Bazekitelako gerra hura beste baten hasiera izango zela, Europa bereganatzen ari ziren totalitarismoek lehenago edo beranduago askoz gerra zabalago bat piztuko zutela. Nazioarteko boluntario horietako asko gure borroketan hil ziren. Dena eman zuten.
Horrexegatik, internazionalista hauen inguruko ekimen mardula jarri dugu martxan. Hala, atzerritar borrokalarion bizitzen, borroken eta heriotzen ikerketa baten berri eman dugu orain gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Xedea hurrengo urtean liburua argitaratzea dugu, euskaraz eta gazteleraz, 1936ko gerraren hasieraren 90. urteurrenaren karietara.
«Gurera etorritako internazionalistok antolatuta etorri ziren, eta eragingarriak eta adierazgarriak izan ziren borroketan»
Izan ere, dokumentuetan oinarritutako diskurtso berri baten sorrera bultzatu nahian gara. Hots, gurera etorritako internazionalistok antolatuta etorri ziren, eta eragingarriak eta adierazgarriak izan ziren borroketan. Hau da, protagonismoa izandako talde konglomeratua izan zen, ez pertsona soil batzuk: gizaki oso konprometituak, adoretsuak eta diziplinatuak ziren, asko erbestera ihes egindakoak, euren militantzia politiko ezkertiarragatik.
Uneotan, liburuarekin buru-belarri ari gara, eta zenbait artxibotara jotzeko unea da. Bitartean, beste bi proiekturekin ere lanean ari gara, internazionaliston ekimenaren barruan. Bata, Estouchari buruzko dokumentala, Area Audiovisual gasteiztar ekoiztetxearekin. Bigarrena, bere seme Georges Waysanden liburuaren itzulpena, Alberdania argitaletxearekin. Eta bidean azalduko diren lan gehiago; hau hasi besterik ez baita egin.
Ahanzturatik ateratzeko unea dugu, euren elkartasuna eta konpromisoa goratzeko unea, ia 90 urte pasatu badira ere. Inoiz ez da berandu, belaunaldi berriek gogora ditzaten, gaur egunera ekar ditzagun. Eurak ere Euzkadiko borrokalariak izan zirelako.