Ez da inertzia kontua
Zenbat aldiz entzun dugu Donostia hiri euskalduna dela? Egunerokoak, ordea, ez du hori erakusten. Datuek diote ezagutza igo egin dela; baina kaleetan, dendetan edo tabernetan entzuten diren elkarrizketetan ez da euskara sumatzen. Zer esanik ez administraziorekin topo egiten dugunean. Esperantza bat ematearren, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea gogotsu dator, beste urte batez ere, gure hirian euskaraz eroso bizi ahal izateko baldintzak sortzeko.
2026 urteak mugarri garrantzitsuak dakartza. Otsailean, Esnatu ala hil liburuaren inguruko jardunaldiak antolatuko ditugu, Iñaki Iurrebasoren eskutik, euskararen datu eta errealitate soziolinguistikoari begirada bat eman eta aurrerapausoak eman ahal izateko. Martxoan, Korrikak kaleak hartuko ditu, herri gogoa erakutsiz eta indarrez betetzeko hiria. Euskara ez baita gutxi batzuen kontua. Maiatzean, Eusfera ekimenaren eskutik, gurasoen hizkuntza ohituretan eragiteko aukera izango dugu, familiarteko euskararen transmisioa landuz. Seihilekoa amaitzeko, ekainean, zita berezi bat dugu: Euskalgintzaren Kontseiluak Miribillan aurreratu moduan, Pizkundeak Iruñeko kaleak saretuko ditu milaka euskaldunez. Eta gero, gerokoak.
«Bageratik, argi ditugu aurtengo helburuak: Donostian eta Donostiatik euskaraz egitea errazago, posibleago eta erakargarriago egingo dituen baldintzak sortzea»
Hala ere, badakigu ekimenak ez direla nahikoa. Euskararen aurkako oldarraldia gero eta bortitzagoa da eta horren aurrean erantzun sendoagoak behar ditugu: diskurtso argiak eta ausartak. Aldi berean, euskalgintzak bere burua berritu behar du: belaunaldi berriak erakarri behar ditugu, espazio ezberdinetan saretu eta mezu motibagarriak zabaldu.
Bageratik, argi ditugu aurtengo helburuak: Donostian eta Donostiatik euskaraz egitea errazago, posibleago eta erakargarriago egingo dituen baldintzak sortzea. Gure arteko harremanak euskaraz sortuko dituen Donostia bermatzea. Eskolan, kirolean, tabernetan edo dena delakoan euskaraz bizitzeko aukera naturalak eskaintzea. Amaitzeko, helburu horiek lortzeko ezinbestekoa den atxikimendua lantzea.
Zenbat aldiz entzun dugu hizkuntza bat erabiltzen ez bada, galdu egiten dela? Euskara zaindu, aktibatu eta berrasmatu.
