Ez da lokal bat; borondate politikoa da jokoan dagoena
Donostiako Emakumeen Etxearen egoitzaren inguruko eztabaida ez da metro karratuen auzia. Ez da bulego baten tamaina edo eraikin baten kokapena. Auziaren muina politikoa da: lehentasunen auzia da.
Hamabost urte baino gehiagoz behin-behinekotasunean iraun ondoren, proiektua berriz ere bere behar errealak asebetetzen ez dituzten proposamenen aurrean jarri da. Ez gara kapritxoez ari. Ezta neurrigabeko eskakizunez ere. Oinarrizko baldintzez ari gara: aholkularitza espezializatua eskaintzeko, talde terapiak egiteko, prestakuntza eta batzarrak antolatzeko, komunitatea ehuntzeko. Horretarako pribatutasuna behar da, espazio egokia eta hiriaren erdigunean kokapen duin eta esanguratsua.
Indarkeria pairatu duten emakumeekin lan egiten duen proiektu bati bulego ireki bat proposatzen zaionean, arazoa ez da teknikoa. Arazoa da ez dela ulertzen zertan ari den proiektua. Berdintasunarekiko hiriaren konpromisoa sinbolizatzen duen ekipamendu bati erdigunetasunik eta balio sinbolikorik gabeko kokalekuak eskaintzen zaizkionean, galdera saihestezina da: benetan zer leku du Emakumeen Etxeak udal agendan?
«Ez dago hemen liskar pertsonalik. Ez dago ezezko itsurik. Badago eskaera argi eta legitimo bat: berdintasuna ez dadila hitzetan geratu»
2023an, osoko bilkurak behin betiko kokapena onartu zuen. Baina onartutakoa ez da gauzatu. Eta bitartean, proposamen berriek, berriro ere, behin-behinekotasunera itzultzen dute Etxea. Behin-behinekotasuna luzatzen denean, ez da egoera neutral bat: erabaki politiko bat da.
Badago, gainera, beste kontu bat: barne demokraziaren errespetua. Emakumeen Etxea asanblada bidez antolatzen da, kolektiboki erabakitzen du. Proposamenak publikoki iragartzea kolektiboak eztabaidatu aurretik ez da komunikazio hutsa; presio modu bat da. Eta presio horrek hamarkadetako ibilbidea eta zilegitasuna duen mugimendu sozial baten autonomia kolokan jartzen du.
Ez dago hemen liskar pertsonalik. Ez dago ezezko itsurik. Badago eskaera argi eta legitimo bat: berdintasuna ez dadila hitzetan geratu. Berdintasuna azpiegituretan islatu dadila. Baliabideetan. Espazio duinetan.
Hiri batek zer babesten duen eta zer lehenesten duen, horrek erakusten du zer den. Donostiak berdintasuna erdigunean jarri nahi badu, erdigunean kokatu behar du Emakumeen Etxea ere, egonkor, ikusgarri eta duin. Gainerakoa aitzakia da. Eta berdintasunarekiko konpromisoak ez du aitzakiarik onartzen.
