Ez dira soilik eskailera batzuk
Udal gobernuarekin lan egiten saiatu gara, elkar ulertzeko. Gure komunikazio bideak irekita mantendu ditugun arren, udal gobernuaren atea itxita topatu dugu.
Eztabaida hau herritarren ordezkari guztiei zabaltzea dugu helburu, baina hori lortu baino lehen, gure eskaera nagusietako baten suntsiketa bizkortu duzue: Grosekin betidanik lotu gaituen eskailera multzoa.
Hondeamakinak Nafarroa etorbideko espaloia zulatzeari ekin zioten astearen hasieran. Ertzaintzak bizilagunak identifikatu zituen asteartean, leku horretan egoteagatik. Egun berean, Alkatetzarekin biltzeko bilera proposamena jaso genuen. Ordea, datorren astean izango da.
«Gure bizi kalitatea benetan hobetu nahi badute, mantendu nahi badute, oraindik garaiz gabiltza sarbide horiek berritzeko eta errespetatzeko»
Kontraesan handi baten aurrean gaude: Alkatetzak onartzen du gure irisgarritasunaren kalitatea murrizten ari direla, baina kontrako norabidean ari dira erabakiak hartzen. Eskailerak kenduko dituzte, eta ibilgailuak Ategorrietara joateko bidea itxiko dute. Ez dakigu kontraesan baten ondorioa den edo joko bikoitz batera jokatzen ari diren. Gure sarbidea ezabatuko dute Basque Culinary Centerren egoitzak izan dezan.
Gure bizi kalitatea benetan hobetu nahi badute, mantendu nahi badute, oraindik garaiz gabiltza sarbide horiek berritzeko eta errespetatzeko. Gure ustez, erakundeak herritarren zerbitzura daude, eta ez alderantziz. Garaiz gabiltza eskailera soil batzuetara mugatzen ez den arazoari aurre egiteko.
Ez gara figuranteak hiri honetan, Manteon bizi garen benetako herritarrak baizik.