Ez dugu alkate entzungorrik nahi
Jendea nazkatuta dago, jendeak ezin du jasan hiriarekin egiten ari direna. Proiektu ulertezinak, garestiak, lursailak eta diru publikoa erakunde pribatuentzako, etxebizitzaren garestitzea, turismo masiboa, zirkulazioaren anabasa, metroa, Hondalea, olatu artifizialen igerilekua kostaldeko hiri batean… eta, gainera, horri guztiari hirigintza jasangarria deitzen diote.
Milaka pertsona kalera atera ziren igandean udal gobernu honen hirigintza politiken aurka protesta egiteko. Manifestazioa arrakastatsua izan zen, ez soilik parte hartzaile kopuruagatik, baita deitzaileen pluraltasunagatik ere.
Aste gutxitan Itxas Aizea etxea, Villa Belen eta Norteko geltokia eraitsi dituzte. Udal gobernuak aitortu nahi ez duen arazo larria dago ondarearekin, neurri kosmetikoekin ezkutatzen saiatzen direna. Donostia da Arte Ederren eraikinagatik Ondarearen Nazioarteko Alerta duen estatu osoko hiri bakarra.
Herritarrak oso aztoratuta daude etengabe gertatzen hari diren hondamendien aurrean. Gai horrek funtsezkoa izan beharko luke hauteskunde kanpainan. Asmo onak adierazteaz gain, zer neurri zehatz hartuko dituzte hautagaiek?
Badirudi EAJren idea bakarra Ondarearen Aholku Batzorde bat sortzea dela, baina beldur gara, eraikinak deskatalogatzeko eta Hirigintzako zinegotziaren erabaki negargarriak zuritzeko baino ez duela balioko, tamalez.
Bi legealdi hauetan, entzuten ez duen eta edertasuna eta hiri nortasuna zaintzea interesatzen ez zaion udal gobernu batek ez gaitu aintzat hartu, baizik eta eta mespretxatu; negozioa besterik ez dute buruan. Manifestazioan 50 elkarte eta erakunde inguruk hartu zuten parte, eta horrek Donostiak dituen arazoak erakusten ditu, baita konpondu beharrean enkistatu eta larriagotzen ari direla ere. Udal politikek ez diote gehiengoari mesederik egiten, batzuetan sinestarazi nahi diguten bezala, gutxi batzuen interes ekonomikoei baizik.
Hiria guztiona da, ez da politikariena, ez da multinazionalena eta ez da turistena, donostiarrena baizik. Espero dugu atsekabe hau hilaren 28ko hauteskundeetan argi azaltzea eta ziklo aldaketa bat egotea; Donostiak ezin du jasan beste lau urteko suntsipena eta espekulazioa.