Ez gaitzaten nahastu
Donostian bizitzea gero eta zailagoa da. Ez da ezer berria. Etxebizitzaren prezioak etengabe igo dira azken urteetan, alokairuak neurrigabe garestitu dira, eta gazte askok —eta ez hain gazteek ere— ezinezkoa dute beren auzoetan bizitza proiektu bat eraikitzea. Etxebizitza eskubidea izan beharrean, negozio bihurtu dute. Eta ez dira gutxi negozio horren zurrunbiloaz etekina atera edota horretarako anbizioa dutenak.
Fenomeno hau ez da kasualitatea. Donostia postal bihurtu dute, urte luzez: turismoari begira antolatutako hiria, inbertsio funtsentzat erakargarria eta bisitariarentzat gero eta atseginagoa. Baina, bertan bizi garenok zer? Zer gertatzen da hilabete amaieran soldata kobratzeko zain gaudenokin, ikasleekin, zaintza lanetan ari direnekin edo bere auzoan bizi nahi duenarekin?
Etxebizitzaren arazoa ez da dimentsio bakarrekoa. Krisi ekonomikoa izateaz gain, badu inpaktu soziala, linguistikoa zein sexu eta generoaren araberakoa. Auzo bizirik gabe, ez dago hizkuntza komunitaterik. Euskara kalean, auzo sareetan eta eguneroko bizitzan bizi da; horregatik, etxebizitza politika ere bada hizkuntza politika.
«Euskara kalean, auzo sareetan eta eguneroko bizitzan bizi da; horregatik, etxebizitza politika ere bada hizkuntza politika»
Turistifikazioak eta espekulazioak hiria hustu dute. Etxebizitzak negozio gisa ulertzen direnean, auzoak merkantzia bihurtzen dira, eta herritarrak kanporatuak dira. Horregatik ari gara ikusten gero eta etxebizitza turistiko gehiago eta alokairu eskaintza gero eta txikiagoa, eta neurrigabea. Beste konponbiderik ezean, joaten ari gara inguruko herrietara. Eta horregatik ari dira gure auzoetako sare komunitarioak ahultzen.
Egoera honen aurrean, ezin dugu dena «merkatuaren esku» utzi. Etxebizitza politikak norabide aldaketa bat behar du, ezinbestean. Egoera honek goia jo du, eta ez da jasangarria. Egoera horren aurrean etxebizitza turistikoak mugatzeko neurriak hartu behar dira, alokairuen prezioei benetako kontrola ezarri behar zaie, etxebizitza hutsak mobilizatu eta etxebizitza publikoaren parkea handitzeko apustu irmoa egon behar da.
Finean, erabaki politiko ausartak behar ditugu. Azken hamarkadetan hartu diren neurrien kontrako norabidean. Baina baita etxebizitza politika herri ikuspegi batetik ulertzeko borondatea ere, bizitza duinak eta komunitate biziak erdigunean jarriz. Herri ikuspegia behar dugu.
Etxebizitza ez da luxua, ezta inbertsio aukera bat ere. Ez gaitzaten nahastu, etxebizitza bizitzeko oinarrizko eskubidea da.
Donostia ez da erakusleiho bat. Sare komunitario sendoa duen hiria da. Eta hiri batek bizirik iraungo badu, bertako jendeak bertan bizitzeko aukera izan behar du.

