Ez zara Loiolakoa ez baduzu...
Esan ohi da batzuei gidabaimena tonbola batean eman dietela, niri antzeko zerbait gertatu zitzaidan “auzotartasunarekin”, izan ere Herri txiki infernu handi saioan eman zidaten Loiolatar karneta. Ez da nire asmoa hain goiz galtzea dokumentu kuttun hori, horregatik aitortu behar dizuet zalantza ugari izan dudala, baina azkenean egingo dudala erabaki dut, bai, auzoko Facebook taldeei buruz arituko naiz.
Bizi dugun distopia sozial honek areagotu besterik ez du egin aspalditik ematen ari zen prozesu bat: auzoko plaza digitalen sorrera. Ez dut inoiz begi txarrez ikusi, oso tresna baliagarria izan daiteke, beti ere kaleko dinamiken osagarri bezala ulertzen bada, eta ez hauen ordezkatzaile gisa. Egun auzo eta herri guztiek izango dute horrelako plaza digital bat (edo gehiago), eta denetarik topatu dezakegu hemen. Sareak eskaintzen digun sasi anonimotasun horren atzean oso erraza da formak galtzea, eta horrelakoetan ezinbestekoa izaten da moderatzaile fin bat izatea taldean.
Auzoko ukatzailea, Derioko otxote baten Boga boga marinela bideoa partekatzen duena, auzoko obretaz kexatzen dena, kalean Mugi txartel bat topatu duena, auto batek argiak piztuta utzi dituela ohartarazten duena… anitza da bertan plazaratzen diren mezuen tipologia. Aurrekoan mezu batek arreta eman zidan. Auzotar batek kontatu zuen nola nahaste bat medio, kalean bizikleta lotu gabe utzi zuela eta bueltatu zenean han jarraitzen zuen bizikletak. Ez zen kexa bat, ez zen protesta, istorio eder bat baizik. Eta etorri ziren erantzunak, asko eta asko gertakizuna kasualitate hutsa izan zela aipatzen zuten, eta beste hainbatek kontatzen zuten nola haiei bizikleta lapurtu zieten auzoan. Nik eskertu egin nuen mezu hori. Izan ere, sarean hainbeste ezkortasun ikusten den garaiotan horrelako mezu positiboek dirdira berezia egiten dute.
Beraz, hemendik gonbidapena luzatu nahi dizuet, horrelako talderen baten partaide bazarete, partekatu zuen auzoari buruzko istorio ederren bat, ziur norbaitek eskertuko duela pantailaren bestaldean. Eta Loiolan gertatzen diren lapurretei buruz, ba ez dut ukatuko gertatzen direnik, baina lagunok, nik diru-zorroari fuerte eusten diot, baino ez Loiolatik pasatzerakoan, Erdialdetik noanean baizik.