'Ezpatakada erabakitzeko eskubideari'
Zezenketen inguruko herri-galdeketa eragozteko, PPren gobernuak, lehendabizi, errekurritu egin zuen Donostiako Udalak aho batez onartutako partehartze-araudia. Gero, Udalak baimena eskatu zuenean, Ministro Kontseilua luzamendutan ibili zen, galdeketa egiteko ezarritako data alferrikaldu zuen arte. Azkenik, faena biribildu eta zuzen-zuzenean debekatu egin du galdeketa. Beraz, ezpata barru-barruraino sartu dio donostiarron erabakitze-eskubideari.
Bagenekien PP eta bere estatu-aparatuak ez direla herri-galdeketen zaleak. Are gutxiago, jakina, baldin eta jendearen iritzia haien interesen kontrakoa bada, kasu honetan aurreikus zitekeen bezala. «Hemen nik agintzen dut» hori oso sartuta dago PPren genoma politikoan. Baina oso sartuta dago ere zezenak plaza batean hil arte torturatzea. Hain sartuta, ezen haren kultura ereduaren paradigma gorena bihurtu duen. Gauzak horrela, ez da harritzekoa paradigma hori zalantzan jar dezakeen herri-galdeketarik nahi ez izatea, ez Donostian, ez Ciempozuelosen.
Alkateak, baita Foru Aldundiak ere, berehala salatu dute Ministro Kontseiluak udal autonomia (eta, oro har, autonomia) urratu duela. Erabakia autoritariotzat jo eta aurreratu dute aukerak aztertuko dituztela herritarrek gai honi buruz beren iritzia nola edo hala eman dezaten. PSE-EE, berriz, desmarkatu egin da. Desmarkeak agerian uzten du alderdi horren izaera zentralista, baita Donostian duen eledunaren, Ernesto Gascoren, zezenketazaletasun sutsua ere.
Eguzkikoon iritziz, alkateak arrazoi du PPren erabakia salatu eta autoritariotzat jo duenean. Eta ondo iruditzen zaigu aukerak bilatzen jarraitzea. Baina aurkitzen dituen bitartean, udalak zerbait egin behar duela uste dugu. Bestela, PPren inposizioa de facto onartuko du, hau da, Donostian oso ordezkapen txikia duen alderdi baten inposizioa. Izan ere, azken hauteskundeetan PPk hirian lortu zuen bozka kopurua Donostia Antitaurina Orain plataformak galdeketa sustatzeko bildu zituen 10.000 sinaduren azpitik egon zen.
Gauzak horrela, zera proposatzen dugu, donostiarrok gai honetaz bozkatzeko aukera izan arte, udalak Illunbe zezenketak egiteko ez uztea.
Orain arte, honako hau protaurino eta antitaurinoen arteko kontua izan da. Hemendik aurrera, berriz, dagozkigun arazoei buruz herritarrok iritzia emateko dugun (edo ez dugun) eskubide-kontua ere bada.
Martin Anso, Eguzkiko kidea