‘Farmear aura’
Ez, nik ere ez nekien duela bi egun arte, farmear aura zer zen edo horrelakorik existitzen zenik ere. Esplikatzen saiatuko naiz:
Farmear puntuak irabaztea omen da, hau da, hobetzea edo horrelako zerbait. Aura, berriz, Elhuyar hiztegiaren arabera, onespena eta zenbait komunikabidetan entzun eta irakurri dudanez, karisma. Farmear aura, beraz, karisma irabaztea da.
Kontua da, bi gazte elkarren parean jarri eta, 50 urteko gizon baten begiradatik ulergaitzak diren mugimenduen bidez, karisma gehien nork duen erabakitzeko lehiatzen direla.
«Zoritxarrez, itxurakeria hori ez da gazteen arteko jolas horretara mugatzen. Zoritxarrez, sare sozial eta antzekoetan nagusi den itxurakeria eremu askotara zabaldu da»
Begira, niri, egia esan, barregarri geratzen direla iruditzen zait, baina, bueno, ez diote inori kalterik egiten eta ez naiz ni hasiko, gazteek nola dibertitu behar duten esaten. Bai kezkatzen nau gehiago, konturatzeak, beste behin, itxurakerian oinarritzen dela berandu baino lehen modaz pasatuko den entretenimendu hau.
Garai batean, karismadun pertsonak ziren, euren bizitza pertsonal edo profesionalean, adibidez, deigarria den zerbait egin edo jarrera aipagarria eduki eta ingurukoen edo gizartearen eredu bihurtzen zirenak. Hau da, karisma bilatu ez, ongi egindakoaren ondorioa zen, ustez, orain arte.
Eta iruditzen zait, zoritxarrez, itxurakeria hori ez dela gazteen arteko jolas horretara mugatzen. Zoritxarrez, sare sozial eta antzekoetan nagusi den itxurakeria eremu askotara zabaldu da; beldur naiz, ez ote garen bihurtzen ari atzean ezer ez eta itxura baino ez garen pertsonaiak.

