Fedea
Giza-aberea bazihoan, ohi baino burumakurrago, lantokitik etxera bidean, eta aurrez aurretik zetozkion bi gizon gazteetako batek, hizketarako bost minutuko lizentzia eskatu ondoren, ziplo bota zion aurpegira: «Zuk Jainkoarengan sinesten al duzu? Eta besteak: «Ez dakit». Solaskideak jarri zuen harridura aurpegiak bultzatuta, azalpenetan hasi zitzaion. Alde batera bai, bazitekeela zerbait izatea beste mundu misteriotsuren batean, unibertsoa sortu eta atondu zuena, hildakoen arimak beso zabalik hartzen dituena… Baina bestera, halako izaki bat irudikatzea ezinezkoa egiten zitzaiola. Ahalguztidun, ezerezetik den guztia sortu zuena, betidanik eta betiko dena… Nola sortu zen bera, nola eskuratu zituen ahalmen txundigarri horiek…? Orduan gaztea, Jehovaren lekukoa bera bidenabar esanda, sutsuki hasi zitzaion hizketan, zokor mazo batekin arituko balitz bezala, esanez berak bazekiela ziur Jainkoa badela, hemen gauden bitartean gizakiok ezin dugula ulertu haren izana, eta gure adimen mugatuarekin haren mamiaz jabetu nahi izatea harrokeria hutsa dela. Apalagoak izan behar dugula, eta fedea izan. Alegia, dena ulertuko dugula haren aurrean azaltzean.
Azaldu zen, beraz, hitz gakoa, giltzarria: fedea. Itxuraz hark dena konpontzen du. Sinetsi itsu-itsuki esaten zaizuna, eta utzi alde batera zalantza eta kezka guztiak. Lasaiago eta hobeto biziko zara, eta gainera berak lagunduko dizu bizitzaren mingotsa hobeki irensten.
Ez dakit aipatutako lagunen solasaldia bost minutura mugatu zen, baina horrek ez du axola. Kontua da gertakari hark nigan txingarretan, are ilintxetan, zegoen erlijioaren garra berpiztu zuela, eta gogora ekarri zizkidala gazte denborako gogo-jardunak eta barne-zalapartak. Izan ere, nerabezaro-gaztaro muga lauso urrun hartan, kristau-giro hertsi batetik askatasun handiagoko beste batera igarota, gauza asko galbahetik pasatzen hasi nintzen. Batzuk igaro ziren, baina beste batzuk han geratu ziren. Haien artean erlijio ilun eta beldurgarri hura.
Baina gauza bat da erlijioa eta bestea Jainkoa. Eta azken honetaz zer esan? Badela, ez dela… Azkenean hasieran aipatutako lagunaren ondorio berera iritsi nintzen, ez dagoela jakiterik, alegia; baina horrek, eta hau nire kupeleko sagardoa da, ez gaituela kezkatu behar. Nork bere kode etiko propioa zintzoki eratu, eta saiatu behar du beti haren arabera jokatzen; ene aburuz horixe da irtenbidea. Gainera, ziur aski hor izango ditugu erlijio guztien oinarri nagusiak. Beti ez dugu asmatuko, baina ahalegin horren baitan egongo da gure giza-maila, gure ondarea. Eta hil ondoren jainko batekin topo egiten badugu, neurri hori aitortuko digu. Eskasa baderitzo, ez gehiegi larritu; nolabaiteko zigorra bidezkoa litzateke, baina ez, inolaz ere ez, infernua. Nola, ordea? Mundualdian egindako okerkeria mugatuak ezin du mugarik gabeko zigor ezin latzagorik ekarri, are gehiago epailea guztiz zuzena, justu eta bihozbera bada. Eta, izatekotan, hala izango da, erlijio guztiak horretan bat datoz-eta. Laburbilduz: geure buruarekin zintzo jokatu, eta gero gerokoak.
Eta jainkorik ez badago zuzen jokatzen saiatuta ez dugu ezer galtzen. Alderantziz. Mundu hobe baten alde ahalegintzeak ez al du bere hartann merezi? Ez al gaitu gogobetetzen, eta gure bizitzari zentzu ematen? Horretaz gain, fedearen makulurik gabe, inolako saririk espero gabe, ongiaren aldeko jarrera horrek ez al du meritu gehiago, eta ez al du gizakia handi egiten? Ni baiezkoan nago. Horretan badut fedea.