Federiko Krutwig
Joan den hilabetean Okendo Kultur Etxean hitzaldi bat antolatu zuen Nabarralde elkarteak Federiko Krutwigi buruz, bere jaiotzaren ehun urteak igaro berriak direla-eta (Getxo, 1921-Bilbo, 1998). Eta berari buruzko liburu baten argitalpena dela-eta Krutwig, bere mendeurrenean berrirakurtzen izenburuarekin.
Gazte eta ez hain gazte askorentzako ezezaguna izango da pertsona hau, baina adinean aurrera dagoenarentzako eta herri honetako historia ezagutzen duenarentzako izen hau ezaguna dela uste dut.
Gizon hau oso jakintsua izan zen eta arlo asko landu zituen bere bizitzan zehar. Agian batzuentzako ezaguna izango da Basconia liburukotea eta La cuestión vasca liburuxka idatzi zituelako; beste batzuentzako euskara batuari egin zion ekarpenagatik, edo bere pentsamendu heterodoxoarengatik, edo grekerari zion miresmenagatik edo honengatik guztiagatik.
Atzerritik Euskal Herrira lanarengatik etorritakoak ziren bere gurasoak, aita alemaniarra eta ama italiarra. Gaztetxoa zela bere kasa ikasi zuen euskara Getxoko herrian eta etxean zuen edo zituen neskame euskaldunek lagunduta. Oso gazte jarri zen harremanetan Resurreccion Maria Azkue euskaltzain buruarekin frankismo garai betean. Federiko Krutwig bera izan zen Euskaltzaindia berpiztu zuena, baina ezin izan zuen luzaro jarraitu euskararen aldeko lan horretan, izan ere, 1952. urtean hitzaldi bat eman zuenean Aita Villasanteren Euskaltzaindiarako sarrera zela eta, polizia frankistak 25 urteko espetxe zigorra leporatu nahi izan zion «incitación a la rebelión» kargua leporatuta, eta Iparraldera ihes egin zuen. Iparraldean, beste batzuen artean, Likiniano eta Casilda ezagutu zituen, eta haien lagun egin zen; ETA erakunde sortu berriarekin harremanetan izan zen, baita ANVkoekin ere, eta abar.
Garai honetan idatzi zuen hain ospetsua izango zen Vasconia liburukotea (1963). Liburu hau ospetsua egin zen nazionalismoaren ikuspegi aurrerakoia zabaltzen zuelako, beste ideia aurrerakoien artean.
Baina, bere bizitza ez zen abertzaletasunaren mundura, edo euskararen mundura mugatu, ezta ere Euskal Herrira, izan ere Europan zehar (Erroma, Belgika, Alemania…) eta Afrikako iparraldean (Arjelian) ere bizi izan baitzen.
Krutwigek landu zituen beste arlo batzuk aipatzen hasita, esan behar da itzulpengintza, filosofia, helenismo klasikoa, hizkuntzak (13 edo zekizkien) eta abar izan zirela. Hizkuntza horien artean grekera izan zen gehien landu zuena.
Franco hil eta gero Euskal Herrira itzuli zen, eta grekerarekin zuen atxikimenduarekin segituz Jakintza Baitha elkartea sortu zuen, eta Zarautzen jarri zuen elkarteak egoitza. Bertako kide izateko grekeraz hitz egitea ezinbestekoa zen.
Halaber, euskarari dagokionez, batuaren aldekoa izan zen, eta ez hori bakarrik, esan dezakegu batuaren aitaponteko bat ere bai. Dena dela, berak euskara Leizarragaren euskara kultua proposatzen zuen baturako.
Arlo gehiago ere landu zituen: ekonomia, zibernetika, robotika, adimen artifiziala, informatika, budismoa eta abar. Eta euskalduna eta euskaltzalea eta horren jakintsua izanik, nolatan gizon hau da hain ezezaguna?
Bueno, Nabarralderi esker orain badugu berari buruzko ondo egindako liburu bat irakurtzeko aukera. Krutwigek bizi osoa eman zuen euskararen eta Euskal Herriaren alde.