Festa eta ilusioa
Agian ilusioa da egunotan gehien entzuten eta irakurtzen ari garen hitza, San Sebastian egunari buruzko elkarrizketetan behintzat bai.
Ilusioa, danbor, upel edo suil batekin festaren errutina bedeinkatura itzultzeko sentitzen dugun poza adierazteko beharra. Festa delako behar duguna, alde batera uzteko egunero behin eta berriz entzuten ditugun albiste txarrak, soilik 24 orduz bada ere.
Festa letra larriz, horrelakoa baita benetan sentitzen duguna, gure izaera donostiarretik ateratzen zaiguna. Elkarren aurka egiteko desadostasunik ez dagoen egun baten poza kolektiboa.
Azken bi urteak luzeak izan dira. 2021ean espero genuen danborrada bertan behera geratzea, baina iazkoa zaplazteko handi bat izan zen. Amaran bi danborrada berrik etxekolanak eginda zituzten debuta egin ahal izateko, eta ilusioa beste aldi baterako gorde behar izan zuten.
Baina hau guztia pasa da jada. Gaur Amaran 22 danborrada aterako dira Amara, Loiolako Erribera eta Morlans alaitzera. Zona honetan partehartzea izugarri hazi da. Amarakaldek elkarteak koordinatzen ditu danborradak, kaldereroak eta Karmengo danborrada. Guk koordinatzen ditugu danborraden kontzentrazioak. Armeria plaza da festaren gune nagusia. 19:45ean jende gehien elkartzen den unea da. Ordu horretan auzoko bost danborradek bat egiten dugu, eta ordu erdiz Sarriegiren martxak jotzen ditugu. Guztira 600 kide elkartzen leku gune honetan.
Aldez aurretik, Amarakaldeko kideok auzoko danborrada guztien estandarteak zintzilikatzen ditugu plazako balkoietan. Bizilagunen laguntzari esker, jakina, haiek gabe ezinezkoa izango litzateke eta. Egitasmo hau aitzindaria da Donostian, eta harro gaude gure bereizgarri bat delako. «Plazako apaingarriak» guk landu eta lortu ditugu, baina plazako argiari buruz ezin dugu gauza bera esan.
Argiteria publikoaren arduradunak entzungor egiten dio behin eta berriz egin dugun eskaerari: argi gehiago jar dezatela plazan. Udal agintariek diote berdintasunez tratatzen gaituztela auzo guztietan, eta, era berean, esan ohi dute auzo guztietara joaten direla bizilagunen eskaerak entzutera. Agian has gaitezke eskaera txiki honi erantzunez? Bitartean, guk ilunpean jotzen jarraituko dugu, hori bai, ilusio handiarekin.