Festaren albo ondorioetaz
Gaueko parrandari lotutako arazoak itzuli dira, eta horrek gatazka ere latzagoa bihurtu du parrandazale, bizilagun, tabernari eta abarren artean. Etxeratze aginduaren moduko muturreko neurriak indarrean edo taberna guztiak itxita egonda ere zirrikituren bat aurkitu da honelako jaiak antolatzeko. Astebururo errepikatzen den «festa» hau desfase hutsa izateko joera nabariagoa da orain: droga legal zein ilegalen kontsumo neurrigabea, sexualizazio latzena, bortizkeria matxista, borrokak…
Lehenik eta behin, zergatik dago jai eredu honen beharra? Desfase hau guztia gizarte honetan erritua izatea ez da kasualitatea. Lanaldi gero eta luzeagoak, kontratu laburragoak, oinarrizko produktuen garestitzea (etxebizitza da adibide argiena Donostian), depresio eta suizidioak (saiakerak %250 hazi dira), isolamendu soziala, bortizkeria… Laburki esanda, zabor hori aguantatu ahal izateko irtenbidea da jai hau. Honek ez du esan nahi festako gehiegikeriek «justifikazio» moduko bat dutenik, baina jai eredu hau ez da zoriz ematen den zerbait. Alabaina, jai eredu honek bertan ez daudenei ere kalteak ekartzen dizkie. Bizilagunek jai eredu honen ondorio asko jasan behar dituzte: lo egin ezina, zikintasuna, lapurretak, erasoak… Era berean garbiketako langileek, garraio publikokoek, banatzaileek eta abar luze batek ere festa kapitalista sufritzen dute. Tabernariek, alde batetik, gehiegikeria hauen guztien erruduntzat hartuak izan direla salatu dute, eta, bestetik, nahi gabe ere giro hau sortzen dute, beren ogibidea baita azken finean. Alde guztiak kaltetuak dira eta denek botatzen diote errua elkarri. Jai eredu honek kapitalaren interesak soilik elikatzen ditu, eta gainerako guztiak (festan gogoz parte hartzen dutenak ere) galtzen ateratzen dira.
Hala ere, jai eredu honen abantailez gozatzen eta hura bultzatzen duen burgesiari kontuak eskatzea ahalegin politiko zaila da oso. Horregatik izan dira oso bestelakoak bizilagunen erantzunak, epe laburreko konponbide bat nahi dutelako. Ikatz kaleko tabernek, adibidez, itxiera sinboliko bat egin zuten ostegun batean, baina denok aurreikusi bezala, hurrengo ostegunean denak berdin jarraitzen zuen. Etsiturik, denek nolabaiteko irtenbide bat eskatu diete erakundeei, eta udalak berehala erantzun du tabernariek bere posizio berbera partekatzen dutela jakiteaz pozten dela esateko. Ondorioz, asko hitz egin da alternatibak bilatzeaz, baina ez da existitzen pandemia baino lehen ere ez zegoen parranda kapitalista «jasangarri» bat. Hitz guztien atzean alderdi guztiek buruan dutena poliziak indarrez parranda disolbatzea da. Noticias de Gipuzkoa-k argi irakurri du hau tabernarien adierazpenetan: «Mientras, reclaman medidas y denuncian que Ertzaintza y Guardia Municipal desatiendan las llamadas de los vecinos. Somos taberneros no vigilantes de seguridad, abundan».
Izan ere, arazoaren errora doan konponbide batean pentsatzen ez den heinean, epe laburreko irtenbide errepresiboan pentsatzen da. Bizilagunen kexen orientazio politikoak ere berbera izaten amaitu du. Ikatz kaleko bizilagunen oharrak zera zioen: «[…] efectivamente vino la Ertzaintza y «despejó» la zona. ¿Cuál era la solución? ¿Qué no viniesen y siguiera «la fiesta» hasta las 9:00 de la mañana? […] Y si tenemos que esperar a construir «un modelo de ocio saludable», mejor nos ponemos a construir una casa en otro lugar». Hau ez da inola ere posizio isolatu bat izan, tonika orokorra izan baita «legea betearazi» behar delakoaren ideia. Honela jaiotzen da, erabat zilegiak diren kexetatik, irtenbide poliziala defendatzen duten postura atzerakoia. Irtenbide honek ez du ezer konponduko, noski, jai eredu hau behin eta berriro itzuliko baita, ez bada nire leiho azpian beste batenean izango da.