Frantzia pasealekua, denontzako!
Donostiako Frantzia pasealekua eguneroko ibilbide dugunok, azkenaldian, ikusten ari gara hainbat esku hartze egiten ari dela bertan Donostiako Udala. Urria eta azaroa bitartean, bertako belargune guztietan lurra aldatu eta hazia erein zuten. Segidan, Gabonen atarian, garai horretako azokarako txabolak eta azpiegiturarako hesiak eta abar jarri zituzten. Lan horien artean, belarguneak burnizko hesiez inguratu zituzten, ustez, azokan ibiliko den jendetzak belargune horiek zapal ez ditzan. Orain artekoa zentzuzkoa ikusten dut, iritziak iritzi, garaian garaiko lanak baitira. Aste honetan, Gabonetako azokaren eraikitze lanen tartean lorezainak ikusi ditut zutoinez betetzen berriro pasealekuko belardiak: bigarren itxitura ari dira jartzen berdeguneetan. Harriturik, bertako langileei galdetuta, zera erantzun didate: «Belargune guztiak egurrezko zutoinez itxita geldituko dira, urrian botatako haziek beren lana egin dezaten». Gehiegizkoa, demasa iruditu zait udalak horretan xahu lezakeen dirutza, hirian beste premiazkorik egongo ez balitz bezala.
Kontua da pasealeku horretara zakurrak dauzkagun hiritar asko bertaratzen garela gure maskotak jolas daitezen eta beren egitekoak egin ditzaten. Ez naiz sartuko, orain, zakurren jabeok gure maskoten gorotzak jasotzeko daukagun obligazioaz; nik esango nuke bertaratzen garen gehienok zintzo betetzen dugula egiteko hori. Ez dut ulertzen udalaren esku hartze hori, ez bada ezkutuko interesen bati erantzunez hesitzen ari direla pasealekuko eremu horiek. Susmoa dut luzerako izango ditugula itxitura horiek hor.
Donostian ez dago apenas zakur parkerik, ez dakigu nora joan haiekin, eta aurkitzen dugun eremu bakarrenetakora, aurrerantzean, ezinezkoa izango dugu bertaratzea. Jakin al daiteke zer aukera eskaintzen dizkigun udalak maskotak dauzkagun hiritarroi? Debekuak eta debekuak, besterik ez dugu jasotzen, aukerak inon ez. Elkarbizitza ez da inoiz erraza izan, baina denok izan behar dugu lekua hirian, bazterkeriarik gabe: txirrindulariok, korrikalariok, bidaiariok, turista saldoek, zakurren jabeok, belarretan atsedena hartu nahi dutenek, azoka zaleek… Ez dakit noren interesari erantzuten dion udalaren erabakiak, baina borondate kontua dela uste dut; ezinezkoa da bakar batzuen iritziz guztiok zigortzea.