Friendly reminder: nagusia ez da zure laguna
Neguarekin batera badatoz Gabonak, eta honekin batera hasi dira erosketa masiboak, lagun eta enpresa afariak, Gabonetako apainketa masiboa… Gabonetako argi ikusgarrien atzean badira ezkutuan jasango diren hainbat egoera. Hala nola, familia askok ezin izango dute oparirik erosi edo etxea berotu, ez dute haien familiarekin biltzeko aukerarik izango edo Gabonetan berandu arte egin beharko dute lan. Langileen bizi baldintzak gogor kolpatuak izaten ari diren adibide garbi batzuk besterik ez dira.
Izan ere, Gabonetan, kontsumo masiboa hazten den heinean, enpresariek haien irabaziak biderkatzen dituzte, langileen mesedetan. Horren adibide dira Inditexen moduko multinazionalek edo ETT-ek egiten dituzten kontratu tenporalak zein banaketa enpresen kontratu miserableak.
Era berean, ohikoagoak bihurtzen dira hainbat enpresetako nagusien aurpegi garbiketak. Izan ere, enpresa afarietan, nagusia lagun gisa aurkezten da, urte osoko bere jarduna ahanzturan uzten saiatuz. Soldaten jaitsiera, lan eskubide urraketak, kaleratzeak, mehatxu eta presioak…
Gainera, enpresariek lan baldintzen okertzea bultzatzen duten kontratuak egingo dituzte garai honetan, eta instituzioek lan merkatuaren malgutasuna eta behin behinekotasuna handitzeko praktika hauek legitimatuko dituzte, langabezia tasa jaitsi dela adieraziz.
Donostiako Laneko Autodefentsa Saretik adibidez, denbora daramate kasu hauek salatu eta nagusien inpunitateari aurre egiten. Eta hainbat adibide eman dituzte azkenaldian: kontraturik gabe lanean aritu ondoren, deskantsurik gabe eta egunean hamar ordu lan eginda, egun batetik bestera kaleratua izan zen banatzaile haren lekukotasuna edo pentsio bateko langile batena, urte luzeren ondoren etengabeko ordutegi aldaketak eta ordu estrak egin ondoren, indemnizaziorik gabe eta egindako ordu estrak ordaindu gabe kaleratua izan zena. Adibide hauek, ordea, fenomeno orokortu baten erakusgarri dira.
Gure lanpostuetan bakarrik eta isolaturik egotea normalizatu dugu, gure egoera salbatu nahian, ondokoaren lan gatazka edo arazoen aurrean muzin egitea normaltzat jotzen dugun moduan. Elkartasuna, ordea, galdu ezin daitekeen balio bat da, eta enpresariek duten inpunitatea salatu behar dugun kontua da; are gehiago, hauen aurrean antolatuz soilik amaitu genezake lan jazarpen ororen presentziarekin.
Gabonak datoz, eta familia askok esfortzu berezia egingo dute berriz ere opariak erosi edo afari txukun batetaz disfrutatzeko. Gogora ekar dezagun, beraz, enpresa afarietako nagusiaren jarrera jator hori ez datorrela bat berak egunerokoan duen inpunitatearekin. Horren aurka mobilizatu eta babesgabe daudenekin oroitu gaitezen ere Gabon hauetan, eta ahal bada, hurrengoan nagusiak birritan pentsatu dezala gure aurka jo baino lehen.