Futbolaren setiopean, hiri gotortu berriak
Futbolaren mende bizi gara. Azken hamarkadotan, gero eta nabarmenago ikus daiteke hori. Futbola ez da kirol soila. Ez baitezpada gaur egungo gure gizartean. Futbol profesionalak mugitzen duen interes ekonomiko eta politikoak aspaldi ikerturik daude: boterea nola ardaztu eta erakusten den jokalari talde bat babestearen aitzakiatan. Futbol talde baten inguruan biltzen diren zaleen arteko taldekatze, harremantze eta gatazkak ere, halatsu, gizartearen dinamiken erakusle apartak dira, genero rolen eraikuntza eta elikatzean duen pisua agerian utziz, adibidez.
Dena ez da txarra, baina. Talde kirolaren alde positiboak nabarmenak eta ezagunak dira: gero eta indibidualistagoa den gizartean helburu komunak, gizartearen ehundura sozialean eragitea, elkartasuna eta lagunartea eraikitzen dira. Kirol dimentsio hutsetik harago garamatza, ordea, futbolak eta, batez ere, egun ezagutzen dugun futbola kontsumitzeko moduak. Aisialdiaren antolaketa, haurren hezkuntza, lagunarteko konbertsazioak, identitate erakustaldi, lidergo eredu agerraldi, bortizkeria eta oldarraldi abagune… Horiek guztiak eta gehiago topa ditzakegu futbol jardueraren inguruan. Beste edozein talde kirolek baino eragin handiagoa du gu guztion bizitzetan. Futbolzaleak izan edo ez.
Donostian nabarmen ari gara nozitzen futbolaren eragina, hiriaren antolaketan bertan. Azken hilabeteetan hiria bizitzeko moduan, auzoak elkarren artean pentsatzeko eta lotzeko moduan. Hirigintza pentsatzeko eta antolatzeko erabakietan. Futbol zelaiaren kokalekutik beretik hasita, garraio publikoaren eta segurtasun eta kontrol neurrietaraino. XIX. mendeko dokumentu eta irudiek erakusten diguten Donostiak egungoarekin zerikusi gutxi du. San Telmo museoan ateak itxi berri duten Galarza funtseko argazki erakusketak gogorarazi digunez, behiala padura zen eremu zabala egun hiriko auzorik populatuenaren mugan dago. Urumearen meandro zabalenaren bazter batean zegoen Anoeta baserria, egungo estadioari eta, aurretiaz, 1950eko hamarkadan eraiki zuten kirol hiriari izena eman ziona. Baserri eta auzune zena, egun, futbol zelaia izendatzeko erabiltzen da oraindik ere kalean, 2019az geroztik babesleek ezarritako izen ofizialaz harago.
«Harresiak eraikitzea zaila, are, onartezina da hiri barruan. Baina badira bestelako moldeak, auzo bat auzotarrak gainerako hiriarengandik bereizteko»
Hiriaren bazter zen eremu hark, hiri gotortuaren itxura hartzen du futbol zelaian partida jokatzen denetan. Anoetara iristeko bideak itxi, auzotarren egunerokotasuna baldintzatu, eskola ordutegiak aldarazi, denda eta negozioen ordutegiak murriztu, Udaltzaingoaren eta gainerako Poliziaren presentzia areagotu. Urtean zehar, gero eta sarriagotan, oldarraldiak eragozteko aitzakiatan, gero eta ohikoago ditugun ezohiko neurriak martxan jartzen dira. Beti dira kanpokoak, beti dago erasoaren susmoa, beti da hiztegi kasik militarra komunikabide zenbaitzuetan halakoetan hauspotzen dena. Anoeta erdigunean jarrita, Amara Berri eta ondoko auzoak kasik setio egoeran geratzen dira. Atzo Realak Salonikako PAOK taldearen kontra jokatutako partidarako aurreikusitako neurriek hala erakusten dute.
Espazioa modu desberdinez marraztu eta biziarazi daiteke. Egun, harresiak eraikitzea eta, bereziki, mantentzea zaila, are, onartezina da hiri barruan. Baina badira bestelako moldeak, auzo bat eta auzotarrak gainerako hiriarengandik bereizteko. Berriki tokatu zait, partida amaiera hurbil zela eta, ospitalera igotzen den autobusak ibilbidea desbideratzea. Kasik 50 minutuko bidaia etxetik ospitalera. Garraio publikoan. Igande arratsalde pasa egiteko (hautatu gabeko) planazoa.