Jon Odriozola: 'Doinuz doinu'
Jon Odriozola; Kazetaria
Jada, entzun eta entzun ari gara danbor hotsak gure auzo ezberdinetan. Lehengo urte amaieratik maiz samar aditu ditugu hamaika doinu entseguetan. «Astebete eskas falta da!», esan zidan lehengoan batek. Bat baino gehiagori, tximeletak dantzan hasiak izango zaizkio sabelean. Poz handia eragiten duen urduritasuna. Asteazkenean antzeko zerbait sumatu zuten zenbait realzalek kopako kanporaketa gainditu ondoren. Helburua garbi zeukan zaleak. Gol tarte onarekin joan zen taldea Vila-realera baina azken emaitza ikusi arte ez zuten erabat arnas hartu zaleak. Tximeletak sabelean. Urte dezentetan Kopan desafinatu izanak kezkaturik, eta naiz eta jo beharreko partitura ondo baina hobeto jakin –etxeko-lanak eginda joan ziren Anoetatik-, ez zeuden prest eginiko lana hankaz gora botatzeko.
Eta txukun aritu ondoren, aurki, datorren astean bertan, beste erronka erakargarri bat. Eusebiok maiz esan du Kopan urrutira heldu nahi dutela. Baina aurretik, asteburuko partida nahiz eta Realak, Malagan, astelehenean jokatuko duen. Lehen itzulia amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira falta. Nahiz eta Sevillaren aurkako partida hotzean, andaluzek, taldea ederki ‘berotu’, lan ederra egiten ari dira jokalariak.
Urteroko urtarrileko maldan murgilduta gaude eremu ezberdinetan. Baita, futbolean ere. Kopaz gain, hiru dema interesgarri izango ditu Realak hilabetea bukatu aurretik. Malagakoa, Zeltaren bisita, eta Santiago Bernabeuko lehia. Dema honekin bigarren itzulia hasiko da.
Andaluziarrek entrenatzailea aldatu berri dute, galiziarrak, ligan eta Europan dotore ari dira, eta merengeak… Zentzu guztietan beste errealitate batean murgilduta bizi dira. Iragan jardunaldian, Celtak eta Malagak aurrez aurre jokatu zuten, eta Berizzoren mutilak nagusitu ziren (3-1). Andaluziarrek lau partida daramatzate irabazi gabe: bi berdinketa eta beste hainbeste porrot. Halere, eskuraturiko puntu gehienak Rosaledan erdietsi dituzte. Lagun batek ez ditu astelehenetako partidak gogoko. Batik bat Realak jokatzen duenean; Riazorko porrota datorkio gogora. Beraz, orain arte egindako lana da botika; partitura ondo ikasi, eta ahalik eta kontzerturik onena eskaini. Eta ohiko tximeletak sabelean, noski!