Jon Odriozola: 'Otordua'
Jon Odriozola; Kazetaria.
Partidetako atsedenaldia arnas hartzeko une izaten da. Albokoekin ordura arteko gorabeherez mintzatzeko, zutik jartzeko, ezagunak agurtzeko, edota otordutxo bat egiteko. Lehen ohikoa zen etxean prestaturiko bokata ematea; askoren usadio izaten jarraitzen du erritu honek. Egun futbol zelaietan, ohiko otordu minimalistaz gain -pipak- catering eskaintza ezberdina topa daiteke: pizza… Iragan igandean, estadioaren atarian, adibidez, saltxitxak banatu ziren. «Zerbezaz beteriko txarro on bat eskura izango banu, ‘Otsailfest’ egingo nuke», bota zuen zale batek.
Igande arratsaldea nahikoa gazi-gozoa izan zen Anoetako emaitzaren ostean. Azken unean, kontrako eztarritik joan zitzaigun horiek sartutako gola. Beti pentsatu izan dut otordu on baten ondoren dastatzen den postreak, nahiko baldintzatzen duela ordura arte jandakoa. Ez luke horrela izan behar baina… Hau da, bazkari kaskar batean, postre on batek, ordura arte jandakoa apur bat gozatu dezake. Baina otordu on baten ondoren, postre kaxkarra jateak, otordua ilundu egiten du. Halere, askok, azkena jan dutenari begiratzen diote.
Realari, igandean gauza berbera gertatu zitzaion. Lehen zatian eskaini zuena bikaina izan zen. Mahairatutakoa, hots, zelairatutakoa, jendearen gustukoa izan zen. Aldageletarako bidean, zaleak, eginiko lana eta esfortzua txaloz eskertu zien jokalariei. Bigarren zatia, dema orekatuagoa izan zen, eta oro har dastatutakoarekin etxera gustura joatekotan ginela, partidaren amaieran, postrean, zapore arrunt garratza utzi zuen gola iritsi zen. Pikutara ordura arte eginiko lan guztia. Halere, partida amaieran zale askok, txuri-urdinek eginiko lana txaloz saritu zuten. Uste dut partida gutxi galduko dituela taldeak iragan igandean bezala jokatuta.
Hori gaur ikusiko dugu. Igandeko mantal berbera –horia- duen talde baten aurka jokatuko du Realak, eta ea ‘pio-pio’tarren eremuan, papak -bertako patata- kontrako eztarritik joaten ez zaizkigun. Taldea oso ondo dabil, eta bat baino gehiagok porrot baten ostean ikusten dituen hodei ilunak, ea Kanariar Handiko eguzkiarekin uxatzen diren. Ez hori bakarrik, jardunaldi honetan dauden beste partidei begira jarrita, agian, ezustekoak ikusi ditzakegu. Ostiral Mehe honetan, ea Realaren golekin pozez gizentzen garen.