Gabon zoriontsuak... Ala beharbada ez?
Dagoeneko badira aste batzuk gainargiztatu zaizkigula hiriko kaleak, buelta eta buelta dabilela Alderdi Ederreko noria erraldoia, turroiek eta bonboiek bete dituztela supermerkatuetako korridoreak, eta kontsumismora bultzatzen gaituzten iragarkiak ikus ditzakegula nonahi. Seinaleak seinale, bai, ate joka ditugu Gabonak, beste behin ere.
Gabonak dira zoriontsu izateko une hori, familia berriz elkartzekoa, batera gozatzekoa, irri egitekoa, ondokoa maitatu eta maitatua izatekoa, elkar zaintzekoa… Ala beharbada ez?
Sinestarazi nahi digutenaren gainetik, familia ez da beti jatekoen eta edatekoen telebistako iragarkietan saltzen diguten gune idiliko hori. Izan ere, familiak ez du zertan espazio seguru bat izan behar.
Kontrara, familiaren testuinguruan ematen dira egunero salatzen ditugun indarkeria espresioetako asko eta asko. Genero indarkeria, haurren eta nerabeen aurkakoa, homofobia eta transfobia, esaterako, etxeko lau pareten artean gertatzen dira maiz, familiako partaideren baten eskutik, eta beste batzuen konplizitatearekin.
Baina, indarkeria kasurik bortitzenetara jo gabe ere, Gabonen moduko elkargune familiarrak indarkeria sotilez beteta egon daitezke normatik edo/eta markatutako bidetik aldentzen den edonorentzat. Betetzen baitira maiz elkarrizketak galdera deserosoz, norberaren erabakien gaineko epaiz, justifikazio eskariz, lekuz kanpoko komentario iraingarriz, eta familia barneko botere harremanen etengabeko espresioz.
Beraz, Gabonek ez dute zertan izan zoriontsu izateko unea, familiek ez dutelako zertan izan gozatzeko, maitatzeko eta elkar zaintzeko gunea. Deseraiki ditzagun Eguberrietako iragarki eta pelikuletako familia idiliko horiek, eta amaitu dezagun familia nuklearraren idealizazioarekin.
Horren aurrean, aldiz, aldarrikatu eta bilatu ditzagun benetako gozamenerako, maitasunerako, zaintzarako eta segurtasunerako espazio komunitarioak, eta eraiki ditzagun gure familia propioak aske sentiarazten gaituzten horiekin.