Gaizkileak ziren hiru etorkini buruz
Ez da zuzena migrazioa eta gaizkiletza lotzea, baina idazki motz honetan nahita egingo dut, Hainbat Ogibideen Sindikatu Bakarrari buruz (hots, CNT) arituko naizelako, eta 1919an, 1931n eta 1947an Donostiako idazkari nagusiak izandakoak aipatuko ditut. Bueneventura Durruti, Manuel Perez eta Auspicio Ruiz, hirusta beltz baten hiru hosto, hain zuzen ere.
Agian ez dago aipatu beharrik, baina Buenaventura Durruti Ponferradan jaio zen, Leonen, eta zenbait arrazoiren ondorioz, Errenteriako tailertxo batean lanean aritu zen eta Donostian bizi zen, baina bere denboraren zati bat Los Justicieros eta Los Solidarios taldeei eskaini zien. Ziurrenik, “bertakoa” zen Ramon Mendizabal jaunari hitza eta ekintza bat egiten zituzten etorkin armatu batzuek Arte Ederretako bere bulegoan plusbalioa berreskuratzeko egindako ekintza ez zitzaion gustatu. Honelakoak gertatzen dira, baina ez naiz honetaz gehiago luzatuko, 1919ko gure idazkaria nor zen ezagutzeko baliabideak badauzkazuelako.
Manuel Perez jatorriz brasildarra zen, eta, Rio de Janeirotik Vigora iritsi bezain laster, espetxea ezagutu zuen, hau, besterik gabe, anarkisten patua baitzen. Donostiara iritsi zenean, erakundeak hamazazpi bazkide zituen, baina zortzi hilabete geroago, CNTk bere egituran antolaturiko 2.800 langile zituen. “Bertako arazoak aipatuz, Donostian muturreko pobrezian eta esklabotzan bizi ziren langileen arreta gureganatu genuen. Donostiako langileen egoera hau ulertu ezinezkoa zen, hiria Europako turistak erakartzeko gune nagusia baitzen, kasino eta kabaretetan dirua barra-barra xahutzen zuten turistak zirenak”. Hau 1931n gertatzen zen. Bere biografia irakurtzea gomendatzen dizuet: Manuel Perez, 30 años de lucha (Manuel Perez, 30 urteko borroka). Bai, “bertakoak” eta “betikoak” ziren enpresari horiek Manuel Perez nor zen ederki zekiten.
«Gezurra eta faxista arrazista berriak zabaltzen diren garai honetan, egungo egoera hobeki ulertzeko atzera begiratu behar da. Historia, berriz ere, deika ari zaigu, eta ezin da beste aldera begiratu»
Auspicio Ruiz Burgohondon jaio zen, Avilan. 1936ko uztailean, Donostiako kaleetan faxismoaren aurka borrokan aritu zen. Geroago, CNTko Malatesta batailoian fronte guztietan borrokan aritu zen, baita kapitain izendapena lortu ere. Erakundea isilpean berregituratzeko ardura izan zuen. 1947an, Donostiako CNTko idazkari nagusia zela, greba orokor baten antolaketa lanetan ari zela, antolaketa komite guztiarekin batera atxilotu egin zuten. “Bertakoa” zen polizia batek modu basatian torturatu zuen. Polizia donostiarra zen, baina Irunen bizi zen. Izena Meliton Manzanas zuen.
Ondarretako espetxean egon zen eta Bidebietako tiro eremuan fusilatu zituzten beste bi etorkin ezagutu zituen, Antonio Lopez eta Diego Franco.
Auspicio Ruiz 1996an Torreviejan hil zen, baina bere errautsak Ulia mendian zabaldu ziren.
Ene ustez, gezurra eta faxista arrazista berriak zabaltzen diren garai honetan, egungo egoera hobeki ulertzeko atzera begiratu behar da. Historia, berriz ere, deika ari zaigu, eta ezin da beste aldera begiratu.
Konfederakundearen kolore gorria eta beltza hortxe dituzue.