Garaien aldaketa selektiboa
Abuela neskame etorri zen gaztetan Donostiara, Ondarreta parean dagoen Toki-eder izeneko etxera. Euskaraz hitz gutxi dakizki, baina horretaz oroitzen da. Denbora librea zuenean, oinak bustitzera joaten zen Kontxara, etxeko beste neskameekin batera. Ez dakit zenbat denbora bizi izan zen bertan, baina badakit ez zela zerbitzari egon zen lehenengo edo azkeneko etxea izan. Jakin badakit, baita ere, besteen etxeetan interna izateari utzi ziola, bere etxekoa bilakatzeko.
Amak ere neskame modura egin zuen lan, ikasten ari zen bitartean. Beste norbaiten etxean zerbitzatzeari utzi, eta ikasketa horiekin lotutako lan batean hasi zen gero. Ezkondu ostean bihurtu zen bera ere bere etxeko mirabe. Berak ez zion aurreko lanari uko egin, eta neskame soilik ez, garaiko emakumeen ohiko paradoxaren biktima bihurtu zen orobat: bi lan, soldata bakarra.
Pasa den asteko greba feministarekin batera, nire inguruan ezagututako zenbat dinamika mantendu eta zenbat aldatu diren konturatu naiz. Nire lagunen ia amama guztiak izan ziren neskame, amaren bat ere bai, eta lagunetatik bat ere ez. Hala ere, urteak eta belaunaldiak aurrera, bai ama eta bai amama guztiek ere, haien etxeko zerbitzari izaten jarraitzen dute. Garaiak eta baldintzak batzuentzako beste batzuentzat baino gehiago aldatzen omen dira.
Buruan izan dut, nahiz eta lotsa ematen didan onartzeak, nik ere inkontzienteki bermatu dudala egoera horren aldaketa eza. Lotsarazten nau, feminismoaren izenean, urrunago izan ditudan beste dinamika batzuk arinago arbuiatu izanak, etxean begi bistan nituen horiek baino. Urteetan zehar interna ezezagunengatik ahotsa goratu izanak, nire familiako emakumeak etxean harrikoa egiten ari ziren bitartean. Kaltea kanpoan zegoela pentsatu izanak, otsoa sutondoan nuela konturatu gabe.
Garaiak eta egoerak aldatzen doaz, bai, eta egun ni naiz Donostian. Ez beste norbaiten etxean neskame, ezta nirean ere. Oraingoz. Ikusiko dugu egoera eta hautua mantentzea lortzen dudan, edo, ez behintzat, beste emakume baten sorbalden gainean jartzen: ez ama, ez abuela, ez ezezaguna.