Gauzak direna balira
Joseba Sarrionandiak atera berri duen liburuaren izenburua da. Ohi bezala, Durangoko azokaren inguruan argitaratu du Pamiela argitaletxeak. Ohi bezala, interesgarria da liburua, narrazioz osatua, erudizioz betea sinestezineko moduan.
Sarriren liburuak gustuko badituzu, hau ere zure bilduman sartzeko modukoa da. Aipatzen diren edo lantzen diren gai nagusienak hauek dira:
Kataluniako historiari lotutako kontuak, bai gerra zibilaren garaikoak eta bai berriak. Erdi Europako literatura, batez ere alemaniarra eta txekiarra eta bigarren mundu gerraren garaian kokatzen dena, eta ondorengo urteetan ere bai. Garai eta leku horietako literatura aztertzen du; Kubako exiliatuak eta bertako kontu anitz, Galiziako Castelao nagusiki eta Kuban bizi izan diren euskaldunen bizitza ere kontatzen du. Grezia klasikoko filosofo nagusien pentsamenduaren berri ere ematen du (Sokrate, Platon, Aristotele); Isonimia (legearekiko eskubide berdintasuna); Isegoria (adierazpen askatasuna); Isomoiria (lurra hiritarren artean ondo banatzea) eta Isotimia(kargu publikoa izateko edozein herritarren eskubide berdintasuna) eta hitz greko hauen esanahia ere adierazten du. Kanibalismoaren inguruan azterketa historikoa egiten du.
Esklabismoaren inguruko kontakizunak, non euskaldunak, donostiarrak barne, agertzen diren. Euskal literaturako pertsonaia ezagun batzuen inguruan ere egiten ditu adierazpen bitxiak. Lur eta ondasun komunalen inguruan ere egiten ditu hausnarketak.
Bueno, ikusten duzuen bezala, bere liburu hau, aurrekoak bezala, gai askorekin dator. Erudizio izugarria barreiatzen da liburuan zehar, lehen esan moduan. Honela diote amaiera aldean agertzen diren bi testu labur hauek:
-Zenbat genero daude literaturan?
– Hiru: saiakera eta eleberria.
– Zein da diferentzia?
– Saiakerak orrialde bakoitza orrialdepeko hiru-lau ohar ditu. Oharrik ez duena eleberria deitzen da.
-Eta hirugarren generoa zein da?
Oharrena.
Eta amaitzeko:
Gobernatuak.
Libreak garela sinestarazi behar digute, esklabotzaren kontra errebela ez gaitezen.
Gobernatzen dugula sinestarazten digute, gobernatuak izatea onar dezagun.
Pandemia garai honetan denbora libre gehiago dugu etxean egoteko, bada hona hemen denbora pasatzeko modu bat. On egin!