Gazteak eta gu
Gaur, lanetik atera, semea etxean utzi eta kafe bat hartzera joan naiz auzoko taberna batera.
Gauza da, nire ondoko mahaian, gure adin bertsuko bi lagun hizketan ari zirela eta, hala nahi izan gabe, noski, entzun egin diedala. Gaur egungo gazteei buruz ari ziren, gure gazteei buruz.
Dirudienez, gaur egungo gazte horien artean ez omen dago lana gogor egiteko prest dagoenik, fundamentuz eta gogoz arituko den bat aurkitzea ia-ia ezinezko bihurtu omen da.
Azkenaldian etengabe entzuten dudan elkarrizketa da eta nekatu naiz.
Begira, gure gurasoek guk baino bizitza gogorragoa izan zutela ez dut zalantzarik egiten. Baina gogorragoa bezain sinpleagoa zen. Bazekiten, salbuespenak salbuespen, aukera okerregirik egin ez eta, ikasi edo fabrika batean aprendiz sartuz gero, bizitza proiektu bat eraiki ahal izango zutela.
Dena delakoa ikasi eta ez dakit zenbat master egin ondoren, inork ezin die ziurtatu, gure gazteei, «mileurista» izatera iritsiko direnik ere
Eta guk ere bai. Gehixeago kostatu zaigu, baina salbuespenak salbuespen, lana fundamentuz eginez gero etxe bat erosi eta, nahi izan duenak, familia bat hazteko aukera ere izan dugu.
Eta gaur? Ba, gaur ez. Dena delakoa ikasi eta ez dakit zenbat master egin ondoren, inork ezin die ziurtatu, gure gazteei, «mileurista» izatera iritsiko direnik ere. Eta Donostian, 5000 eurotik gora balio du metro koadroak. Zer bizitza proiektu eraiki daiteke horrela? Nola pentsa dezake egoera horretan dagoenak, ahal duen bitartean, bizitzaz gozatzetik haratago?
Iruditzen zait batzuetan errazegi hitz egiten dugula.
Eta, portzierto, errealitate hau geuk sortu dugu, ez gaur egungo gazteek.