Gazteok ez gara zuen gestio txarraren erantzule
Lehenik eta behin, nire elkartasun guztia adierazi nahi diet azken asteotan Euskal Herrian, eta, noski, Donostiako Parte Zaharrean poliziarengandik jazartuak, erasotuak eta atxilotuak izan diren gazteei.
Abenduaren 12an, ertzainek Trinitate plazatik jipoika bota gintuzten lehenengo egunean, une jakin batean gertatzen ari zen egoera bat zela pentsatu nuen une batez, baina poliki eta lasaitasunez pentsatu ondoren, hainbat hausnarketa bildu ditut gertatzen ari den guztiaren inguruan.
Bertan, ohartu naiz gertakari hauek gazteak kriminalizatzeko sistema erabiltzen ari den logikan kokatzen direla, eta tresna paregabea bihurtu garela gazteak haien gestio txarra ikustezin bihurtarazteko.
Azken aste hauetan asko hitz egin da bai sare sozialetan eta baita komunikabideetan ere gazteok egindako ustezko kale zurrutek sortu dituzten liskarren inguruan eta hauek entzun eta ikusterakoan amorru eta ezinegona sortu zaizkit nire barnean.
Saltzen ari diren diskurtsoak ez dauka inondik inora gertatutakoarekin zer ikusirik, eta liskarrak egon ondoren eta komunikabideek zabaltzen zuten kontakizun distortsionatua entzun eta ikustean sekulako inpotentzia sentitu dut. Azken egun hauetan ikusi ditut ertzainak kalea militarizatzen, kideak jipoitzen, lagunak atxilotzen eta auzotarrak beldurtzen, eta hau onartezina da.
Bota gaituzte gure plazetatik, txikitan jolasten ginen tokiak orain turistentzako terrazak bilakatu dira eta auzoan genuen aisialdirako toki bakarretik modu bortitzean bota gaituzte. Eta hau gutxi balitz, egunerokotasuna bihurtzen ari da gazteok kalean ibiltzeko dugun beldurra.
Egunerokotasuna bihurtzen ari da etxera iritsi eta auzoko lagunen “ondo nago” mezua irakurri arte lo egin ezinik ibiltzea. Egunerokotasuna balkoietatik auzotarren babesa sentitzea jipoituak izaten ari garenean. Egunerokotasuna kideren baten bila epaitegira joan behar izatea eta besarkada luze bat ematea. Baina egunerokotasun honek ez du ez hanka ez buru eta hau aldatu beharra dago.
Arduratsuak izan behar gara eta elkar zaintza erdigunean kokatu behar dugu, baina honi modu kolektibo batean erantzun behar diogu, denon bizitzaz eta denon osasunaz ari garelako. Gazteak bihurtu gaituzte gaur egungo gaitz guztien errudun, baina nik argi daukat hau ez dela horrela. Gogoan dut pandemiaren lehenengo egunetik gazteak nola aktibatu eta zaintza sareak antolatu genituen herri mugimenduko hainbat kiderekin batera, mugimendu sozialetan ere lehenengo lerroan kokatu gara gazteok denon eskubideen alde borrokan. Neska* Gazte taldeetan ere antolatu gara, eta pandemia honek ageriagoan utzi duen Sistema Kapitalista Heteropatriarkalaren aurka, beste behin ere, egin dugu borroka. Hezigunetan ere ikasleon eskubideen alde borrokan egon gara: Ez, Urkullu, gazteok ez gara ez zuen txontxongiloak, ez eta egin duzuen gestio txarraren erantzule!
Behin eta berriro esan genuen Gabonetan ezarri zituzten neurriak ez zirela gizartea babesteko nahikoak, kapitala aberasteko neurriak izan ziren. Gaur egun ditugun positiboen gorakadak agerian uzten du neurri horiek ez zirela nahikoak izan, eta hau estaltzearen helburuarekin Ertzaintza bidali dute gazteak jipoitzera; El Diario Vasco-k titularra hori bihurraraztera lortu du, eztabaida desbideratuz.
Ulertezina da bizitzen ari garen krisi ekonomiko eta sozial honen aurrean Jaurlaritzak Ertzaintzaren furgonenetan lau milioi euro gastatzea, furgoneta bakoitzean laurogei mila euro. Ulertezinagoa da oraindik diru kopuru handi hau Ertzaintzaren furgonetetara bideratzea EAE txertoen banaketetan azken autonomia erkidegoa denean.
Baina haien nahien aurka guk haserre hau guztia antolatzen jakin dugu eta horretan gabiltza egunero. Baina argi gelditu dadila eraso hauen guztien, kriminalizazio basati honen eta haien ustelkeria eta joko zikinen gainetik gazteok antolakuntzan eta borrokan jarraituko dugula.