Gazteok larrialdi egoeran gaude
Mina, haserrea, etsipena… Zenbat gauza sentitu ditugun azkeneko urte hontan. Zaila egiten zait urte honek nire bizitzan eduki duen eragina azaltzea, zaila eta arriskutsua aldi berean.
Gogoan dut aurreko urteko otsailean Gasteizko unibertsitateko klaseak eten zituzten eguna, garbitzaileen grebaren ondorioz unibertsitatea zikin zegoenez klaseak eten egingo zirela zioen mezua. Garbitzaileen alde mobilizatu ginen ikasleak, baina hurrengo astean jaso genuen mezuaren funtsak ez zeukan garbitzaileen borrokarekin zer ikusirik: Gasteizko haur eskola batean Covid kasuak agertzen hasi ziren, eta ondorioz, bi astez unibertsitatea itxiko zutela esan ziguten. Motxila prestatu eta Alde Zaharrera itzuli nintzen, ustezko bi asteko oporrak aprobetxatzera. Donostian ikasten zuten lagunak oraindik unibertsitatera joaten ziren, baina bi astean dena aldatu zen, dena eta denon bizitza.
Errudunak, arduragabeak, umemokoak… denetarik izan gara gazteak azken urte honetan, denetarik esan dute gure inguruan, baina guri ez digute inongo momentuan hitz egiten utzi, eta gainera, haien tramankuluak erabiliz isilarazi egin gaituzte.
Gogorrak izan ziren etxean konfinatuak igaro genituen hilabeteak eta nire buruan ustezko “normalitate” horretara bueltatuko ginen etxetik atera orduko. Baina denborarekin ohartu nintzen hori ez zela horrela, eta denbora luzez aurre egin beharko geniola gainean genuen krisi honi.
Etxean sartu gaituzte, isolatu gaituzte, baliabide are eta eskasagoekin geratu gara, ikasketak aurrera atera ahal izateko ezintasun handiekin… finean, bizitza duin bat garatu ahal izateko inongo sostengurik gabe geratu gara.
Hilabete luze hauetan entzun ditut autobusean atzean nituen bi gizon, paternalismo puntu batekin, erru guztia gazteona dela esaten; mobilizazio batera joan naizen aldiro esan didate “jendearen bizia jokoan jartzen ari nintzela”; esan didate lagunekin mendira joatea ez dela plan egokia egoera honetan, baina futbolaren ondorioz sortutako giroa normala dela, jendearentzat futbolak zer suposatzen duen ulertu behar dudala.
Gazte askok galdu dugu lana eta lehen egiten genituenak, baina lan prekarioagoak egin behar izan ditugu, gero eta gazte gehiagok jarraitzen dugu gurasoen etxean bizitzen, emantzipatzea are eta ezinezkoagoa bihurtu delako egoera hontan, zenbatek sentitu degun beldurra ikasketan egoera honetan atera ezin izango ditugulako, zenbatek ikusi degu gure laguna depresio batean sartzen eta laguntzea zaila egin zaigun harremantzea debekatu digutelako…
Arazo estruktural honen aurrean gazteria izaten ari da sektore kolpatuenetako bat, baina gazteak ez gara isilik eta burumakur geratuko, egoera hau errotik iraultzera gatoz eta argi geratu dadin alarma egoera amaitu arren gazteok alarma egoera batean jarraitzen dugula eta antolatzea eta borrokatzea dagokigula!
Maiatzaren 7 an, 18:00etan, Bulebarrean egongo gara Donostiako gazteok etorkizun duin batean alde borrokan, eraldaketa sozial eta burujabetzaren alde kaleak hartuko ditugu!