Geografia
Oroitzen dut geografian ona nintzela eskolan. Oroitzen ez dudana, baina, geografia bera da. Euskal Herriko mendi, ibai, eskualde eta klima-motak buruz ikasi ostean, nire burmuinak magia bidez datuok desagerrarazi zituen berriei lekua egiteko. Eskerrak Interneten bilatuta erraza den Hernio mapan kokatzea, donostiar peto-petook konfort gunetik at sentitzen baikara asfaltoa ez den gainazala zapaldu orduko.
Itxialdia inflexio-puntua izan nuen. Online plataformetan ezagututako debar eta eibartarrekin mintzatzean, lotsaturik esan behar nien ez nintzela sekula izan euren herrietan. Sentsazio horrek nazkatuta, gure bazterrak deskubritzeko unea iritsi zitzaidala erabaki nuen. Horretarako modu aproposena bertako pertsonek erakustea zelakoan, herri exotikoetako lagunak egitea jarri nuen helburu.
Udalerri mugakideak, lurralde historikoak, autonomia erkidegoak eta estatua medio, hilabeteotan ezinbestekoa egin zait geografia arloko jakintza. Halako aplikazioekin ezer irabaziko ez nuela esaten zidatenak oker zebiltzan. Izan ere, garraio publikoaren sareei, kostaldeko mendi-bideei eta eskualde bakoitzeko euskalkiei buruzko informazioa betirako gorde dut buruan. Gainera, Zarautz, Oñati eta Beasain zenbat kilometrotara dauden ikasi dut. Baita, azarotik, Hendaia edo Lekeitio urrutiegi geratzen zaizkidala ere.
Nork esango zidan niri ligatzeko app baten bidez Geografia gradua konbalidatzeko moduan izango nintzenik. Hernaniko industria gunean edota Lasarte-Oriako erreka inguruan bizitakoek poz handia ekarri izan didate. Tamalez, esperientzia guztiak ez dira positiboak izan. Tolosan nintzela, azken trenak ihes egin zidan eta taxia hartu behar izan nuen etxera itzultzeko. Isunik ez, baina hala ere 50 euroan atera zitzaidan zita.
Ez dakit, bada, gure lurraldean murgiltzea merezi didan. Agian hobe dut Donostian geratu, dirua punta-puntako bizikletetan inbertitu eta auzoz auzo dauden altxorrekin konformatu. Egia esan, Groseko burges batentzat ez da gauza makala, argi dagoen arren Intxaurrondora igo behar badut bizikleta elektrikoa hartuko dudala, baina soilik taxietarako aurrekontua Gipuzkoako hiriburu ohian gastatu nuelako.