Gezurrak hanka motza du
Zur eta lur geratu nintzaion begira pantailari, ETB1eko debatean Urkulluk hezkuntzan ez zela murrizketarik izan esan zuenean.
Itxialdian ikusi dugu hezkuntzak zer toki duen haur eta gazteek euskararekin duten harremanetan, askok eskolan soilik izaten dutelako euskaraz erlazionatzeko aukera. Harreman hori etenda, baina, zaintza sare batzuek (Donostiakoek barne) mintza praktika egiteko aukera zabaldu zieten hala behar zutenei. Esan genezake, zaintza sareek bere gain hartu zutela ardura euskara itxialdian gera ez zedin, zer eta orain, hezkuntza formalean atzerapausoak emateko.
IRALEko eta Euskal Girotze Barnetegietako irakasleek salatu dutenez, EAEko Hezkuntza Saileko euskara atala desegiten ari dira. Batetik, Euskal Girotze Barnetegien programa bertan behera utzi dute. Bestetik, urteetan zehar irakasleen euskara prestakuntzan aritu diren IRALEko irakasleen etorkizuna ere kolokan dago.
Gauzak zer diren, 2017ko kolaborazio batean Euskal Girotze Barnetegiko bizipenez idatzi nuen: “Pasa den hilabetean txangoa egin genuen Hondarribiko Euskal Girotze Barnetegira. Han pasatako lau egunetan, ikasleak hobeto ezagutzeko aukera izan nuen. Gauez lokar zitezen, istorioak kontatzen edo sehaska kantak kantatzen aritzen nintzaien. Jakin nahiko nuke zenbatetan entzun ote duten euskarazko testu bat surflaria olatuaren zain egoten den bezain adi eta aldi berean patxadatsu, eta zenbatetan gozatu duten halako momentu batekin”. Horixe bera izan zen barnetegiak eskaini ziena: euskararekiko harreman goxo bat, lau egunean zehar lotarako ez ezik, jolaserako, zirikarako eta barre egiteko balio izan ziena. Irteeratik itzuli eta egunetara, oraindik institutuko korridoreetan kantu batekin zirikatzen naute: gure taldearekin dinamika ezberdinak egin zituzten barnetegiko bi irakaslek irakatsitakoa da oraindik ahotan darabiltena.
Euskal Girotze Barnetegiak bertan behera uztearekin batera murriztuko dizkiete ikasleei euskaraz bizitzeko momentu horiek. Eta IRALEko zerbitzurik gabe, eskoletako euskara kalitatea kinka larrian egongo da.
Gezurrak izango al du hanka motzik!