Gipuzkoako Eliza edo 'Church hotels full of tourists'
Hainbat kontu aipatu nahi nituzke isildu ezin ditudanak. Eliza Katolikoaren barruan badaude afera asko aldatu beharko liratekeenak, komunikabidetan askotan landu direnak: elizaren barruko jerarkian dagoen mota askotako ustelkeria, apaizak ezkontzeko debekua, emakumeak elizaren barruan zoritxarrez duen bazterreko lekua, alegia, zergatik nahi duen emakumeak ezin du apaiza izan? Kontu hauei buruzko irtenbide justuago bat eman beharko luke Elizak, nire ustez. Hala ere, gaur beste gai bat agerian jarri nahi dut: Gipuzkoan behin behin, edo nahi izanez gero, batez ere Donostian azken hiruedo lau urtean gertatzen ari dena euskarazko mezekin. Nik dakidala (eta gehiago izan daitezke), gutxienez zortzi euskarazko meza kendu dituzte (lehen gutxi eskaintzen bazituzten, orain gutxiago).
Batetik, norbaitek erabakitzen badu apaiza izan nahi duela eta euskaraz ez badaki, Elizbarrutiak apaiza izateko formazioan bermatu beharko luke bere ikaskuntza prozesua bukatutakoan euskaraz jakin ahal izatea. Badaude bideak hori lortzeko!
Gipuzkoako Elizbarrutian agintzen duenak (dutenek) ez du(te) ahalegin seriorik euskal kristau katolikoen eskubideak bermatzeko. Gipuzkoako Elizaren mandatariak(ek) azken urteetan hainbat hotel eraikitzeko erabilitako gogoa eta denbora, besteak beste, mezak euskaraz mantentzeko erabili izan balu(te), horrek suposatzen duenarekin, beste egoera batean egongo ginateke.
Kurioski, Elizaren hotel horietako langile batzuei (edo askori) ingelesa jakitea eskatuko zaio lan egin ahal izateko. Izan ere, Elizak «zerbitzatu behar ditu turistak» beraien hizkuntzan. Aldiz, bertako euskaldun fededunak txokoratu egiten ditu ederki asko. Zergatik ote?