Gizartearen kontra arraro
Prozesu gogorra bezain polita izan da. Ziurrenik bizitza bezalakoa. Ez omen diogu ikasteari sekula uzten eta sarri, konturatu gabe egin ohi dugu. Arraro nioenean duela urte pare bat hasi zen kozinatzen, babarrun goxoak bezala: poliki, presarik gabe. Beñatek bazuen melodia bat eta aspaldi eskatu nion, arren, bere musikari letra jartzen uzteko. Gogoan dut SMS bidez jaso nituela kantaren silabak, eta nire kezkez osatu nuen gaur Arraro izenaz argitaratu den kanta.
Bide konplexu bezain atsegina izan da. Ziurrenik harremanak mantentzea bezalakoa. Izaki sozialak garen heinean korapilatu egiten gara plazer zein trebatzean. Lehen aldia zen disko osoa zuzeneko batez grabatzen nuela, eta entseguek berebiziko garrantzia hartu zuten. Norbaitek akatsen bat eginez gero, hasieratik grabatu behar genuen dena. Gogoratzen ditut entsegu gelako eztabaida eta algarak. Egun batez umorea zena beste batean ubeldu egiten zen.
Denbora tarte nekeza bezain dibertigarria izan da. Ziurrenik maitasuna bezalakoa. Harremanaren basamortuan hondar alez ale bidea markatzen duenaren moduan, pazientziaz gozatuz. Modu analogikoan diskoa egitea ez da ohikoena gaur egun, eta teknologiek ematen dituzten erosotasunei uko egitea ez da erraza izan. Nahastu zarenean zatitxo hori besterik ez grabatzen ohitua nago, eta tarteka, soinua digitalki zuzentzen ere bai. Luxu horiek alde batera utzita dator azken hau. Buruan iltzatua dut Berako Atala baserri-estudioko eskaileretan eserita behin eta berriz errepikatu behar izan nituela bi nota. Nire saxoak jo zitzakeen notarik baxuenak birritan errepikatuta.
Hiri bateko basoa da Physis versus Nomos; espaloi bateko baldosen zirrikituetan hazi den lorea, bestela esanda. Himalaiako mendi bateko plastikozko poltsa ere izan liteke, edota itsas zabalean ahaztutako arrantza sarea. Nik ez dut jakin izan natura eta hitzarmenaren artean zein gailendu den. Ziurrenik bietatik edaten dugu, batzuetan natura eta besteetan legea, diskoan maitasuna eta teknika azaltzen diren bezala. Emozioak eta erritmoa.
Grekoak ez ziren ados jarri, physis edo nomos, nomos ala physis. Gizartearen kontra arraro nago ni.