Gorakada errepresiboa
Borja Corominas Donostiako PP-ko zinegotziak udaletxean Gizabideari buruzko ordenantzan arau proposamen bat egin zuen, mobilizazioetan egon daitezken kalte materialen erantzule mobilizazioa deitu duena izan dadin, horretarako 20.000 eurora iritsi daitezkeen isun proposamenak baliatuz. Guzti hau bizikidetzaren izenean egindako apustu gisa justifikatzen saiatu delarik pasa den martxoaren 17an greba egunaren testuinguruan egondako kalteak bere argudioak indartzeko baliatuz. Berria irakurrita agerikoa egin zitzaidan erantzuleak bilatzeko unean instituzioen partetik hartzen den jarrera partziala, izan ere, eta jakina den bezala, migratzaile bat jipoitu zuen Donostiako udaltzaina kabo-orde izendatu zuten duela hilabete. Duela aste batzuk bolo-bolo egondako berri hura ahanzturan erori zaigula iruditzen zaidan arren, azken urteotan polizia ezberdinek Donostian aurrera eramandako hainbat interbentzioen inguruko hausnarketarako baliagarri egin zait. Izan ere, ez dira gutxi izan azken urteotan gertakari isolatutzat jaso izan ditugun interbentzio polizialak: 2021ean pilotakada batez masailezurra hautsi zioten Alde Zaharreko gazte bati, 2024eko otsailean Realaren futbol partida batean taldeari harrera egiten ari zen Amaia Zabarte pilotakada batez ZIUra bidali zuten, 2025eko otsailean konorte gabe atxilotua izan zen emakumeari atxiloketak iraun bitartean mediku arreta ukatu zitzaion eta ostera ZIUan ingresatua izan zen… Aipatutako kasu mediatikoak gutxi balira, TXAGOk, indarkeria poliziala erregistratzen duen kolektiboak, urtero publikatzen duen txostenean urtez urte kasu gehiago daude, orrialdeak betetzeko bezainbeste.
Gertakari hauen aurrean instituzioen aldetik izandako jarrera argi ikusi daiteke etorkin bat jipoitu zuen udaltzaingoaren kasua adibide bezala jarriz, jazotakoaren inguruan azalpenak eman eta agentea kanporatu ordez hura babestu eta ofizial-orde izendatu zuten duela hilabete. Edota Amaia Zabarteren kasuari erreparatuz, ertzainen deklarazioak zeintzuk izan diren ikusiz, non, nahiz eta pilotakadaren zein ostera lurrean zegoela jasotako ostikoaren froga dokumentalak zein lekukoak egon, zipaioek gomazko balak jaurti izana ukatzen duten epailearen aurrean, argi utziz inpunitate osoz nahi dutena egin dezaketela korporatibismo eta elkar estaltzearen bitartez. Non daude erantzuleak, Borja?
Gehien bat atxilotuak migratzaileak direnean berriek izaten duten hedapena oinarri hartuta, nahiko agerikoa suertatzen da jatorriak publiko egiteak estigmatizazio eta diskurtso erreakzionarioen hedapena helburu duten estrategia baten ezinbesteko pieza direla
Hau gutxi ez, eta urte hasieran, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren irizpideari jarraiki, udaltzainek, “gardentasun” ariketa batenpean, atxilotuen jatorria publiko egingo zela jakinarazi zuten. Hau guztia Eusko Jaurlaritzan Segurtasun Sailaren arduradun den Bingen Zupiriak elkarrizketetan alderdi erreakzionarioek Jaurlaritzan egiten duten presioa onartzen duenean. Honen aurrean hainbat galdera datozkit burura: zer interes izan dezakete eskuineko zein alderdi erreakzionarioek atxilotuen jatorria publiko egitean? Ez al dira diskurtso erreakzionario eta arrazisten hedapenerako ezinbesteko erreminta bat? Ez al dira datu horiek erabiliko delitugile horien egoera sozioekonomikoa kontuan izan gabe?… Gehien bat atxilotuak migratzaileak direnean berriek izaten duten hedapena oinarri hartuta, nahiko agerikoa suertatzen da jatorriak publiko egiteak estigmatizazio eta diskurtso erreakzionarioen hedapena helburu duten estrategia baten ezinbesteko pieza direla, alderdi eskuindar zein erreakzionarioen baliabideek mesede egiten dizkieten berriak zabaltzea ahalbidetzen dielarik. Estrategia honen bitartez, delitu horiek egitera eramaten dituen baldintzak seinalatu beharrean, miseriazko egoeran dagoen pertsonaren gain jartzen dute ardura eta erantzukizuna. Agerikoagoa egiten da hilabete honetan (maiatzak 21) Donostiako Alderdi Popularrak (Borja Corominas buru duelarik) haiek sortzen ari diren baldintzak baliatu eta etekin politikoa ateratzen saiatuko denean bere aldeko kanpaina politikoa bultzatzeko asmoz.
Testuinguru honi azken urteotan indar errepresiboek daramaten joera gehitu behar diogu, hauen gaineko aurrekontuak igo, indar errepresiboen militarizazio prozesuan aurrera egin eta kontrol sozialean sakontzeko asmoa duena, alegia. Donostian udaltzain zein ertzainen kontrolpeko 350 kameraz gain, Ertzaintzak aurreko urtean uniformean lotzen den “Bodycam” izeneko 1.387 kamara eskuratu zituzten (3 milioi eurotik gorako kostua izan zutena) autonomia erkidego osorako haietako askok Donostiako ertzain etxera bideratu zirelarik interbentzioak grabatzeko beste “gardentasun ariketa” bat bezala, epaiketetan interbentzioen irudiak proba gisa aurkezteko. Esan beharrik ez dago kamara hauek piztu zein itzaltzeaz zipaioak arduratzen direla eta ez dela ohikoa izaten beraien kameretatik interbentzio bortitzak grabatzea, honen adierazle azken astean dispositibo hauen erabilera okerragatik zipaioek zazpi barne ikerketa abiatu behar izan dituztela pasa den urteko abendutik aurtengo martxorako tartean jazotako hainbat gertakariri lotuta. Udaltzainen partetik aldiz, Taser pistolak erabiltzen hasiko diren berria izan dugu urte hasieran, esan beharrik ez dago 400Vko deskargak eman ditzakeen arma bat “ez hilgarrien” kategorian sartzeak suposatzen duen kontraesana. Batez ere aurten espainiar estatuan hildako bat eragin duela eta azken ikerketen arabera espainiar estatuan 57 orduero batez beste behin erabiltzen dela jakinda edota Kanadan lau urteko tarte batean 18 pertsona hil dituztela arma hau baliatuz, 280 Amerikako Estatu Batuetan.
Argi dut komisaria forma berri honen kokapena ez dela ausazkoa eta “delikuentziaren epizentro”-tzat duten auzoan kokatu nahi izan dutela. Egoera prekarizatuenean dauden gazteen bilgune den auzoan, hauen kriminalizazio logikan aurrerapauso bat suposatzen duelarik
Estrategia honekin aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa zaie Egiako auzoan eraiki nahi duten “komisaria bateratuak” Donostiaren kasuan, 2027rako erabat bukatuta egotea aurreikusten dena. Donostia izaten ari den segurtasun ezaren kezkatik abiatzen denaren aitzakiapean bi indar errepresiboen elkarlana ezinbestekoa dela diote, horretarako aukeratutako Donostiako auzoa Egia delarik, udalaren elkarlan eta begi onez. Argi dut komisaria forma berri honen kokapena ez dela ausazkoa eta “delikuentziaren epizentro”-tzat duten auzoan kokatu nahi izan dutela. Egoera prekarizatuenean dauden gazteen bilgune den auzoan, hauen kriminalizazio logikan aurrerapauso bat suposatzen duelarik. Honek, jada militarizatua dagoen auzo batean are polizia gehiago sartzea suposatuko du. eta ez, horrek ez du segurtasun handiagoa ez eta delitu gutxiago gauzatzea ekarriko. eskubide politiko zein zibilen urraketa eta kontrol soziala da komisaria horrek Egiako auzoari emango dion bakarra. Honen aurrean argi izan behar dugu estrategia honen helburu nagusia Euskal Herri Langilearen, Euskal Herrian bere lan indarra saltzera behartutako pertsona ororen, artean banaketa sustatzea helburu dutela horrela sistemarentzako oztopo bat suposatu dezakeen edozein pertsona, ideologia, proiektu seinalatu eta kondenatzea hauek desagerrarazteko asmoz.
Neurri hauen guztien ezarpenen ezaugarririk larriena, maila sozialean izan duten erantzunik eza da. Egun bizi dugun krisi testuinguruan, zeinetan Euskal Herri Langilearen bizi baldintzak gero eta prekarioagoak diren, antolakuntza politikoa jazartzeko gero eta neurri handiagoak hartzen ari dira inolako erantzunik gabe. Honen guztiaren aurrean, guri, antolakuntzan, aurrera daramatzaten kolpe errepresibo ororen salaketan eta erantzuleen seinalamenduan sakontzea dagokigu. Aurten, Durangon ASKE antolakunde antierrepresiboak ekainaren 6ean antolatu duen Amnistia Eguna hari horri jarraiki doa, goizean Ivan Montemayor eta Mark Neocleusen eskutik poliziaren funtzioa gizarte kapitalistan zein den aztertuko da, arratsaldean arma “ez hilgarrien” auzia aztertuko delarik Iker Arana, Jon Pazos eta STOP balas de goma antolakundearen eskutik. Azkenik mobilizazioa egingo da Durangotik soilik antolakuntza eta borrokaren bitartez lortuko baitugu neurri errepresibo eta indarkeria polizialari aurre egin eta errepresioaren aurkako borrokan aurrera egin ahal izatea.
ARRAZAKERIAREN AURREAN EUSKAL HERRI LANGILEA BATU!
INDAR ERREPRESIBOAK SUNTSITU!

