Goxotasunaren apologia
Etengabe gai berari buruz idatzi eta irakurri. Entzun, ikusi, sentitu. Hamaika bider zin egin geure buruei gaia isilarazteko saiakera egingo dugula, Whatsapp talde balitz lez. Isildu. Astebetez, hamabost egunez, eta posible balitz, urte betez. Baina, ezin. Birus batean bizi gara. Edo hark bizi gaitu gu. Edo zergatik ez, elkar bizi dugu.
Eta ez gara ohitzen. Ez diogu geure buruei baimentzen hartara ohitzea. Itsutu nahi dugu. Ihes egin. Makurtu. Gure burbuiletan sartu. Eta bertan goxo egon. Baina ezin da. Datuek hala diote; mediku, erizain, eta ospitaleetako edozein langilek behin eta berriro, eta beste behin, eta berriz ere errepikatzen digute gauza bera. Gelditzeko. Begiratzeko ingurura. Ateratzeko konfort eremutik, eta urrutitik bada ere, sartzeko bizilagunen bizitzan, lankideenean, goizero tren geltokian agurtzen dugun ezezagun horrenean, hemengo zein hangoenean. Birusak ez gaituelako denak berdin bizi, eta denek ez dugulako birusa era berean bizi.
Hau da egokitu zaiguna. Espero eta nahi ez genuena. Baina egunero zain duguna. Onartu besterik ez dugu. Onartu, eta egunerokotasunaren zirrikituetan bizirauteko trebeziak asmatu. Eta onartzeaz ari naizenean, birusa onartzeaz ari naiz. Beste gauza bat dira ezarri zaizkigun arau kontraesankor, errieta zentzugabe, infantilismo tonu, eta errutina behartuak. Horren kontrako borroka intimoak zilegi bezain beharrezko direla uste dut.
Baina, ez nuke idatzi hau hitz oldarkorrez jantzi nahi. Guztiz bestelakoa dut asmoa, goxotasuna baita uneotan gehien behar duguna. Goxotasuna garai zail hauek nolabait irensteko, goxotasuna egunerokoari ekiteko, babesteko, zaintzeko, barre zein negar egiteko. Goxotasuna bizitzeko. Izan ere, garai zailak badira, zergatik zaildu dena hitzekin, arauekin, neurri bidegabeekin, aginduekin, doinuekin?
Zaintzarik onena goxoa da; leuna, epela, gertukoa, erraztasunak jarri eta ematen dituena. Humanoena. Eta nago, ez gabiltza ondo; ez gabiltzala goxo, leun, maitekor. Eta hala ezean, zulorik ilunena sakondu eta belztu besterik ez dugu egiten.
Badakit, hargatik, goikoengandik balitz, goxotasuna zer den ez genukeela jakingo. Mimo humanoa baino, ekonomikoa lehenesten dutelako haiek. Eta haserretu bai, arrazoi osoz haserretu gaitezke, haserretu behar gara, baina ez dezala ozpintasun horrek gure ingurua gehiegi garraztu.
Horregatik, garaiotan inoiz baino gehiago, zaindu gaitezen, eta zaindu dezagun inguratzen gaituen oro mimoz, goxo, hitz politez; garaiotan idaztea elkar begiratzea baita.
Minduta, baina goxo, (k)alanbreetan berrietan topatu dugu elkar.