'Groseko feministon jaietako balorazioa'
Groseko Asanblada Feministaren sortu eta berehala, Groseko Zipotz jaiei begirako lanketa bat egin dugu; protokolo bat martxan jarri, eta brigada feministak antolatu ditugu. Izan ere, indarkeria sexista lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala da; ez dago modu bakartuan egiten den erasorik. Bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaz ari gara.
Joan dira Zipotz jaiak, baina, zoritxarrez, aurten ere ezin dugu esan eraso sexistarik izan ez denik, eta, horregatik, ohar hau zabaldu nahi dizuegu, gure balorazioa eta aurrera begirako jarrera jakinarazteko.
Lau egun horietan gertatutakoak ikusita, argi utzi nahi dugu ez ditugula onartuko honelakoak: gure espazioa inbaditzera hurbiltzen diren mozkorrak eta mozkor babosoak, ipurdiak ukitzera etortzen direnak, guk entzun nahi ez ditugun piropoak esatera datozenak (haien hitzekin gure gorputzak kosifikatuko ez balituzte bezala), Donostiako turismo ereduak bultzatuta etorritako giri desfasatuak… Hau da, ez dugu onartuko sexu, sexu aukera, arraza edo janzkeragatik eraso egitera datorren inor!
Honen aurrean, beharrezkoa ikusten dugu auzoko lanketa sakon bat. Oinarrian lanketa feministarik ez duen jai eredua ez da sekula askea izango, eta ez bada askea, guk ez dugu nahi. Jaietan gozatzera gatoz, eta horri ekingo diogu.
Gu jada hasita gaude antolatzen eta saretzen, autodefentsa feminista lantzen… Uste baitugu horrela bakarrik lortuko ditugula denontzat gozagarri izango diren jaiak, baita bestelako guneak ere.
Dena den, ontzat ematen dugu emakumeek jaietan izandako presentzia. Poliki-poliki, agertoki gainean, hainbat ekintzatan, antolakuntzan… gure espazioa egin dugu. Sor ditzagun jai parekideak!
Groseko Asanblada Feministak harrera ona izan duela sentitu dugu, eta, aurrera begira, nahi duzuen guztiak gonbidatu nahi zaituztegu parte hartzera! Gu indarrez gainezka gatoz, baina borroka hau denona da.
Groseko Asanblada Feminista