Gure egiaren omenez, Daniel Losada Seoane
Ziurrenik, norbaitek egia bakarra dela pentsatuko du, baina iraganeko borroketan trebatutako burkide batek aspaldi azaldu zigun agintzen dutenen egia eta gurea ezin direla egia bera izan.
Guk aztertu ditugun kontakizun guztietan Daniel Losada Seoane 1937ko azaroaren 25ean Santoñako espetxean fusilatu zutela aipatzen da. Kontakizun guztiak honetan bat datoz.
Kontakizun baten arabera, Danielek pelotoiaren aurrean Viva el PNV —Gora EAJ— oihukatu omen zuen.
Beste kontakizun batek bestelako oihuak aipatzen ditu, luzeagoak eta osatuagoak, errepublikaren aldekoak edo, baina hau sinesgarria denik ez zaigu iruditzen, zuzeneko lekukotasuna badugulako.
Hau ere beste kontakizun bat da, jakina, baina honen arabera, Danielek pelotoiaren aurrean egindako oihuak presoak zeuden tokian ez ziren entzun, eta hau egiatik gertuago dago, gure ustez. Hau Francisco Turrillasen kontakizuna da, kazetari eta EAE/ANVko Euzko Indarra batailoiko gudari izandakoa. Gudari hau hantxe zegoen, presoen artean.
Francisco Turrillasek esanikoaren arabera, Daniel Losada matxinada ekintza baten ondorioz fusilatu zuten, preso guztiak banderari egindako omenaldian (behartutakoa, jakina) formazioan zeudenean Viva la Libertad —Gora Askatasuna— oihukatu baitzuen.
Fusilatutako donostiarrak omentzeko ekitaldi instituzional bat burutu zen, baina CNTren ahotsa ez zen entzun.
«Ideologien gainetik, bide honetan lagundu diguzuen guztiei gure esker ona helarazi nahi dizuegu. Guk gure egiaren alde egingo dugu, eta hau argi eta garbi ulertu behar da: ez dugu inor atzean utziko»
Antonio, Jaime, Jose, Javier eta Daniel gainerako familiarekin Carballotik (Galiza) Gipuzkoara etorri ziren. Anaia bat UGTn bazkidetu zen eta beste laurak CNTn. Daniel Gros auzoan bizi zen. 1936ko uztailaren 21ean hirian izandako borroketan nabarmendu zen, batez ere, Amarako Urbieta kalean eskuko lehergailu txikiak (ukondo lehergarriak) erabili zituelako edo frankotiratzaileak indargabetzen ibili zelako, eta Maria Cristina hotela hartzeko borrokan aritu zelako. Borrokan gaitasun handia erakutsi zuen, eta, honen ondorioz, bere inguruan honi buruzko ospea sortu zen.
Oiartzungo frontean erreketeen aurrean egin zuena kondaira bihurtu zen, gauez berak bakarrik, ausardia handiz, errekete talde bat etxetzar batean harrapatu zuelako. Erreketeak kanpora ateratzeko etxetzarraren kanpoko aldean gasolina isuri zuen eta berehalaxe su eman zion. Erreketeak atera zirenean Daniel kanpoan zegoen, bere fusil metrailadorearekin zain, eta aurre egin zien. Gero, gauaren babespean, bere borroka lerrora itzuli zen.
Jose bere anaiak CNTko Bakunin batailoian izena eman zuen, eta gainerako anaiak 27 Castilla izeneko batailoiari batu zitzaizkion. Antonio eta Daniel lehenengo eta hirugarren konpainietan kapitain izan ziren, hurrenez hurren.
Danielek ospe handia lortu zuen eta Agirre lehendakariak Elgetako frontean aurrez aurre ezagutu nahi izan zuen.
Santoñan batailoiei zer gertatu zitzaien ezaguna da. Danielek bertan eman zituen azken hilabeteak nolakoak izan ziren badakigu, gauza onak eta txarrak. Oso ongi dakigu.
Danielen oroimena berreskuratu beharra genuen, eta, ideologien gainetik, bide honetan lagundu diguzuen guztiei gure esker ona helarazi nahi dizuegu. Guk gure egiaren alde egingo dugu, eta hau argi eta garbi ulertu behar da: ez dugu inor atzean utziko.